Garai bateko garrantzia berreskuratuz

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 20a, 07:59

Tolosako Aranburu Jauregian Gaurko euskal eskultura erakusketa jarri dute eta ikusgai izango da ekainaren 4ra arte. 1972ko maiatzean garaiko euskal eskulturagile onenen lanak bilduz antolatu zen erakusketaren 50. urteurrenean ekarri dute bilduma Tolosara.

Euskal Herri osoko adin ezberdinetako 110 eskulturagileren lanak izango dira ikusgai ekainaren 4ra bitartean Tolosako Aranburu jauregian, Gaurko euskal eskultura erakusketaren barruan. Besteak beste, Deba, Irun, Santurtzi, Beasain, Angelu eta Hazparne zeharkatu ondoren Tolosara iritsi da, duela 50 urte Aranburu jauregian bertan ikusgai izan zen erakusketa gogoan hartuz. Orduko hartan, garaiko euskal eskultore garrantzitsuenak bildu ziren eta oraingo honetan belaunaldi ezberdinetako eskulturagileek egindako lanak bildu dituzte mostra honetan. 

Euskal eskulturgintzak 60ko hamarkadan pisu nabarmena izan zuen euskal kulturaren berpizkundean eta Azken Muga elkarteko presidente Migel Zeberioren ustez, eskulturagileek mundu mailako «abangoardia» osatu zuten: «Euren eskulturak egiteaz gain, euskal kulturaren hainbat oinarri teoriko eta filosofiko jarri zituzten. Bereziki, Jorge Oteiza izan zen, beharbada, filosofia horretan idazlerik oparoena, baina belaunaldi hartakoak dira Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea edota Jose Luis Zumeta bezalako artistak». 

Guillermo Olmo: «Eskulturgintza euskaldunoi ondoen egokitzen zaigun arte espresioa izan da»

1972. urtea mugarria izan zen euskal eskulturgintzan eta momentuko ekarpena jasoz hiru erakusketa garrantzitsu antolatu ziren Euskal Herrian: urte hasieran Barakaldon, maiatzean Tolosan eta ekainean Iruñean. Gillermo Olmo Azken Muga elkarteko kidearen esanetan, urte haietan puntu gorenean zegoen eskulturgintza eta presentzia handia zuen gizartean. «Oteiza eta Txillida dira belaunaldi hartako eskulturagile sonatuenak eta ezaguna da haien artean izan ziren ika-mikak. Kontua da Tolosan antolatu zen erakusketa horretan bakarrik egin zutela bat», esan du Olmok. Amezketan bizi den eskulturagileak gogoan hartu du Txillida tokiarekin «liluratuta» geratu zela eta orduan agertu zuela Lizardiren leihoa eskultura bertan kokatzeko asmoa. Urte batzuk beranduago ingurunea birgaitu zutenean jarri zuten Txillidaren eskultura ezaguna. 

Gaur egun erakusketa ikusgai dagoen tokian bertan jarri zuten duela 50 urtekoa ere. Zeberiok kontatu du: «Garai horretan etxe partikularra zen eraikina, eta itxura denez, egoera nahiko kaskarrean zegoen sotoa. Lizardi elkarteko bazkideek denbora puska bat eman omen zuten tokia atontzen erakusketa antolatu ahal izateko». Hain zuzen, Lizardi elkarteko Asensio Ondarzabalen ekimenez antolatu zen 1972ko erakusketa. «Lan asko egindakoa da, argitaletxe bat ere bazuen eta harreman estua zuen garaiko eskulturagileekin».

Lizardi elkartearekin batera Tolosako Ekinbide Etxearen lana giltzarria izan zela aipatu du Azken Mugako presidenteak: «Nahiz eta esparru zabala jorratu, euskal kulturgintzan garrantzia handia izan zuen ekinbide etxeak. Eragile izugarria izan zen eta antolatu zituen euskal dantza ikastaroak, euskal musikarekin zerikusia zuten ekimenak edota euskal abesbatzen lehiaketa. Hori guztia, oraingoa baino garai ilunagoetan eta frankismoa bete-betean zegoenean». TEE-n eskulturaren arloa bereziki landu zutela nabarmendu du Zeberiok eta bi eragile nagusi ekarri ditu gogora: «Batetik Antxon Elosegi eta bestetik Iñaki Epelde. Bien artean lan handia egin zuten eta lanketa horren ondorioz, gaur egun, Tolosako kaleetan ikus ditzakegu obra horietako asko. Herri gutxi izango dira Tolosa bezain aberatsak eskulturgintzari dagokionean. Garaiko eskulturagile ezagun askok beren obrak eman zizkioten Tolosako herriari, kostuaren truke. Gaur egun aire librean dagoen museo handi baten gisara irudikatu dezakegu Tolosa».

Berpizkunderantz

Azken Mugako kideen iritzian azken urteetan presentzia galtzen joan da eskulturgintza euskal kulturaren panoraman. «Euskaldunoi ondoen egokitzen zaigun arte espresioa izan da, Euskal Herrian nahiz nazioartean ezagutu gaitzaten bitarteko garrantzitsua». Azken urteetan, ordea, jendeak ezberdin erantzuten duela gaineratu du Olmok: «Arte adierazpide asko dago gaur egun eta gizartean oihartzun handiagoa dute, esate baterako, teknologia berriekin zerikusia duten lanek».

 

Migel Zeberio: «Antxon Elosegi eta Iñaki Epelderen artean lan handia egin zuten»

 

Azken Muga elkartean azkeneko zazpi urteetan arte diziplina ezberdinei tokia egin nahi izan die antolatutako ekitaldi ezberdinetan. Besteak beste, udan Zarateko pagadian aire librean egiten duten ekitaldian eskulturak izan du bere tokia. «Konturatu ginen eskulturagileak ez zirela bat edo bi. Dozenaka eta dozenaka lagun dabiltza Euskal Herrian lanean eta gainera egiten ari direna erakusteko gogoz daude. Azkeneko urteetan nonbait ez dute erakusleihorik izan», dio Zeberiok. Gogo horri erantzuten diote, azkeneko hilabeteotan Azken Mugatik antolatzen ari diren ekimenek. Barakaldoko Igner eraikuntzan tamaina handiko eskulturak bilduz erakusketa bat daukate jarrita eta Kilometroak kultur elkartearekin batera, 60 eskulturagiletik gora biltzen dituen erakusketa prestatu dute Ibarran. Aurtengo abuztuan ere, Zarateko pagadian ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa dutela berretsi dute Azken Mugatik. «Akaso hemen berritzailea den formatua izan daiteke baina Europan aspaldikoak dira diziplina ezberdinak bilduz antolatzen diren aire libreko ekitaldiak. Hemen ez dago horrelako kulturarik, zoritxarrez», azpimarratu du Olmok. «Lantalde ederra dugu, baina gure indarrak mugatuak dira, baita jasotzen dugun sostengu ekonomikoa ere», gaineratu du Zeberiok. Dena den, ekarpen hori jarraitzeko gogoz daudela nabarmendu dute Azken Mugako arduradunek.

Isilpeko lan horren emaitzatzat jo dute sortu berri den Euskal Eskultoreen Elkartea. Bertako lehendakaria da Olmo eta lehendakariorde karguan dabil Uxue Lasa billabonatarra. «Orain arte ez da izan eskulturagileak elkartzeko gunerik eta lortu dugu, azkenean, guztiak bilduko gaituen egitura bat sortzea», aipatu du Olmok. 

Askotariko lanak

Zaratetxen, udako jaialdiaren barruan bildu dituzte azkeneko urteetan eskultura lan ezberdinak. Espaziora egokitutakoak izan dira bertan erakutsi diren artelanak: «Toki txikia denez 20x20x20 zentimetroko neurrian egindako eskulturak eskatu genituen eta 70 artista baino gehiagok hartu zuten parte ekimenean. Gero zabaltzen joan da egitasmoa eta Euskal Herri osoko, iparralde nahiz hegoaldeko eskulturagileak batu dira erakusketara».

1972an Barakaldon jarri zuten erakusketak La indiscriminada zuen izena eta Azken Mugatik orain antolatu duten hau ere komisariotzarik gabe egin dute, gaur egun eskulturgintzan dabiltzan era guztietako artisten lanak bilduz. «Dibertsitate handia dago eskulturagileen artean eta hori balore bat da. Gaur egun ez dakigu oso ondo nora doan gizartea, ez dago bidea markatua eta uste dut erakusketa bera horren erakusgarri dela», esan du Olmok. 

Aurreko mendeko 60ko hamarkadatik aurrera euskal eskulturgintzaren gidari izan ziren haien eragina gutxitzen ari dela uste du Amezketan bizi den artistak, baina dena den, mostra honetan Txillida edota Oteizarekin batera buruz buru aritu izandako hainbat artisten lanak bildu dituztela dio, belaunaldi horren ondorengo zuzenak izan ziren Rikardo Ugarte, Antxon Mendizabal, Jose Zugasti edota Mikel Lertxundiren lanak. «Euskal eskulturgintza izan da oso sendoa, pisu handikoa, eta harria, egurra eta burdina bezalako material klasikoak erabili izan dira. Garai hartako Gaur eta Hemen taldeen arrastoa erabat desagertu ez den arren, bide berriak ari dira lantzen eskulturagile gazteak». Gaurko euskal eskultura erakusketan artista gazte horien lanak bildu dituzte, adibidez. «Unibertsitatetik ateratako belaunaldia da, formazio handikoa eta nabarmena da bertan emakumeen presentzia. Duela 50 urte emakumeei ukatu egin zitzaien esparru hau, eta orain, zorionez, presente dago euren sentsibilitatea». Euskal Eskultoreen Elkartearekin batera, emakume eskulturagileak ordezkatzeko beste egitura bat sortu dute. Uxue Lasa da bertako burua.

Ekainaren 4ra arte ikusgai izango den erakusketarekin bat eginez, gaur, bisita gidatua egingo dute erakusketan zehar eta beste bi ekitaldi berezi antolatu dituzte. Ekainaren 1ean Tolosa eta eskultura, Antxon Elosegiri omenaldia hitzaldia eskainiko du Rikardo Ugartek eta sei eskultoreen arteko topaketa egingo dute ekainaren 4an erakusketak Tolosan egingo duen egonaldiarekin amaitzeko.

110 eskulturagileren lanak ikusgai

Garaiko euskal eskulturagile garrantzitsuenen lanak bildu zituzten 1972an Tolosako Aranburu Jauregian. 50 urte beranduago, Gaurko euskal eskultura erakusketan bildu dituzte egungo eskulturagileen lanak.

EGITARAUA

  • EKAINAREN 4RA ARTE 
    • 17:30 - 20:30. Aranburu jauregian asteartetik larunbatera Gaurko euskal eskultura erakusketa.
  • MAIATZAK 20, OSTIRALA 
    • 19:00. Bisita gidatua. 
  • EKAINAK 1, ASTEAZKENA 
    • 19:00. Tolosa eta eskultura. Antxon Elosegiri omenaldia hitzaldia.
  • EKAINAK 4, LARUNBATA
    • 18:00. Topaketa eta eztabaida sei eskultorerekin eta erakusketaren amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!