Haragi Fest jaialdia dela eta, Zumarditxikiko aparkalekua ez da erabilgarri egongo

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 17a, 07:57

Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko Topaketaren barruan, Foodtruck gunea jarriko dute bertan, eta osteguneko 9:00etatik asteleheneko 14:00ak bitarte ezingo da aparkatu.

Joan den astean aurkeztu zuten Haragi, Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko III. Topaketa. Parrilan espezializatutako tokiko zein nazioarteko sukaldariak izango dira Trianguloan, eta aurtengo berrikuntza modura, Zumarditxikira lekualdatuko da festa. III. edizioaren baitan antolatutako Haragi Fest jaialdia bertan gauzatuko da, ostiraletik igandera. "Haragi belaunaldi berriengana gerturatzeko helburuarekin eman zaio jaialdi formatua", esan dute udaletik. Foodtruck gunea kokatuko da Zumarditxikian, eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da; autobus erraldoi bat ere jarriko dute bertan.

Aldian behineko ekimenak aurrera eramateko, Haragi Fest esaterako, Zumarditxikia husteak eragina du herritarrengan. Kasu honetan, osteguneko 9:00etatik asteleheneko 14:00ak bitarte ezingo da bertan aparkatu. "Eremua berreskuratu eta biziberritzeko prest dugun proiektua aurrera eramateko, lehenik eta behin, irtenbidea emango diogu aparkaleku arazoari. Dagoeneko aukera ezberdinak aztertzen ari gara, eta lanekin hasi aurretik, bertan aparkatzen duten bizilagunei aukera ezberdinak eskainiko dizkiegu", esan dute.

"Jakina da eremu honek askotariko aukerak eskaintzen dituela, duen kokapen estrategikoa dela eta, Oria ibaiaren ertzean, erdigunetik gertu", adierazi dute udaletik. Horregatik, udalarentzat lehentasunezkoa da eremua herritarren eskura jartzea eta garai batean espazio honek zuen erabilera soziala berreskuratzea. "Zentzu horretan, Mikologika bertan ospatu izanak erakutsi zuen espazioak tolosarrei era askotako erabilerak eskaini diezazkiela eta bide berari jarraituz egingo da aurten Haragi Fest bertan", gaineratu dute. Udaran ere kultur jarduerak bertan egitea aurreikusten du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!