"Gure gailurra zortzimiliakoa da"

Ataria 2022ko mai. 14a, 23:02

Uzturre argiztuta, Gure Eskuren ekimenez. EKAITZ ZILARMENDI

Gure Eskuk deituta, Uzturre gailurra argiztatu dute gauean, uztailaren 2an Pirinioetan 300 gailurretan egingo dutenaren aurrekari moduan.

Uzturren bezala, Euskal Herriko beste hiru tontorretan ere gauza bera egin dute, zehazki, Ganekogorta, Larreineta eta Gorbeian. Eta, horretarako aukeratu duten eguna ere ez da kasualitatea izan, 1980an, gaurko egunez, euskal espedizio batek lehen aldiz lortu baitzuen Everesteko gailurra zapaltzea. 

Bada, ehunka herritarrek egin dute bat ekimenarekin, eta linterna eta farol bereziak baliatuz, gailurrak argiztatu dituzte. Uzturren egon da Amalur Alvarez bozeramailea, eta gailurra egiteko, bidea urratzearen garrantzia azpimarratu du, 1980an euskal espedizio hark erdietsitakoa gogora ekarriz: "Lorpen hura ez litzateke posible izango, ziurrenik, 1974an Tximist espedizioan saiakera bera egin izan ez balute; gailurra egiteko, ezinbestekoa baita bidea urratzea. Uztailaren 2an, katalan eta euskaldunok 300 gailur argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Bide berri bat urratuko dugu, eta bide horretatik, espedizio berriak egin ahal izango ditugu: katalan eta euskaldunok elkarrekin noraino iristeko gai garen deskubrituko dugu. Gure gailurra ez baitago Pirinioetan, gure gailurra zortzimilakoa da, eta herri gisa hara iristeko, bidea urratzea dagokigu".

Euskal herritarroi, Jaizkibeletik Benasqueraino (Huesca), 115 gailur egokitu zaizkigula Pirinioetako Bidean adierazi du:  "Herri eta eskualdeek hartu dute gailur 'berde' izendatutako horien ardura. Gailur 'berde' guztiak Euskal Herrian daude, eta jende gehienarentzat irisgarriak dira. Gailur horietan bilduko da jende gehien, baina aforo muga izango dute, masifikazioa saihestu eta ingurumena zaintze aldera". Hala, herri bakoitzak gailur 'berde' bat dauka izendatuta, honenbestez, izena emateko garaian, -www.gureesku.eus bidez- herritarrek nongoak diren adierazten dutenean, gailur jakin bat proposatuko zaie, herrikideekin batera joan daitezen. Herri askotan autobusak antolatzen ari dira. 

Gailur 'gorri' gehienak, aldiz, Erdialdeko Pirinioetan daude, eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak, horregatik, izen emate mugatua dute, eta kasu horietan, beste bide batetik egiten ari dira: www.gureesku.eus webgunean eskura duten Infografia honetan gailurra aukeratu, eta pirinioetakobidea@gureeskudago.eus posta elektronikora idatzi behar dute, zein gailurretara joan nahi duten adieraziz. Gailur hauek aforo txikiagoa dute, eta espedizio-taldeak osatzen ari dira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!