Erleak balira bezala

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 14a, 13:50

III. Tolosa Zuria Loretan ekimenaren barruan, Lore eta Landare Azoka izan da goizean Trianguloa plazan. Jende andana gerturatu da postuz postu loreen edertasunaz erakarririk.

Goizean, Zerkausiko ohiko azokaz gain, bazen beste posturik Tolosako erdigunean. Lore eta Landare Azoka Bereziak zazpi postu ezarri ditu Trianguloa plazan: Zurlan, Sairu loreak, Murueta, La Arena, Guillen, Zunoyar eta Iñigo Azpiazu.

Herritarrek, loreen usain on eta kolore ederrek liluratuta, Trianguloa plazako postuak banan-banan pasa dituzte. Erleak balira bezala ibili dira; eskaintza ezberdinak aztertu eta aukera ederrenak etxeratzen. Erosketa karro eta poltsak gaurkoan kolorez eta usainez bete dira Lore eta Landare Azokari esker. 

Lore eta landareez gain, hazi eta barazki landareak erosteko aukera izan dute bertaratutakoek. Adituen azalpenak ez dira falta izan: zenbat ur behar duen honek, zenbateko argitasuna eskatzen duen beste honek, noiz landatu, noiz hazia jaso... 

Geranioak, arrosak, fruta-arbolak, orkideak, margaritak, petuniak... Bertako loreak zein exotikoagoak. Aukera zabala egon da gaur Tolosan. Baina Zerkausiko postuetan bazen errepikatzen zen lorea. Bertako baserritarren baratzetan garai honetan falta ez dena: kala. Kala zuriek begirada ugari erakarri dituzte, gogoratuz larunbatero plazan, janaz gain apaingarriak ere izaten direla.  

'Hegan'

Behin Trianguloa plazako postuak pasata, lurrean zeuden loreak behatu eta gero, gora begiratzeko unea iritsi da: Gaztelako Arkuan zegoen erakargunea. Lore lehorrekin egindako 600 estola ikus zitezkeen zintzilik. Hegan lore apaingarri erraldoia, hain zuzen ere. Gipuzkoako Lorezain Elkartearen ekimenez sortutako lana da Hegan. Idoia Lizeagak zuzendu du proiektua eta Gipuzkoako hainbat lore-saltzailek parte hartu dute, tartean Tolosako Arregi Floristas dendak.

Hegan lana horrela deskribatu dute: "Hegoak ebaki gabe eskeintzen dizkiot bizitzari. Airea irentsi gabe garbitzen det nire kabi. Txoriak maite ditudalako izango naiz txori... Eta denok egingo dugu hegan elkarrekin txuri beltzak eta horiak"

Azoka amaitu bada ere, arratsaldean oraindik egongo da aukera III. Tolosa Zuria Loretan ekimenaz gozatzeko:

III. TOLOSA ZURIA LORETAN

  • 17:00. Fotopic lehiaketako argazki erakusketaren inaugurazioa eta sari banaketa, Topic-en.
  • 17:30. Familia-tailerra Topic-en: txotxongilo bat eraikitzeko aukera.
  • 18:30. Babel Teatro konpainiaren Beethoven ikuskizuna, Topic-en.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!