Museoen eguna baliatu dute Topic eta Tolosa bisitatzeko

Ataria 2022ko mai. 13a, 19:59

Egun betea bihar izango bada ere, gaurtik hasi dira batzuk txotxongiloen museoa bisitatzen, ate irekien eguna aprobetxatuz.

Datorren asteazkenean, hilaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta hori dela eta, Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan egitarau berezia antolatu dute. Gaur ate irekien eguna da bertan, eta museoa doan bisitatzeko aukera dago gauerdia bitarte. 23:00etan, berriz, koktel zuri bat banatuko dute, Bide-Bideren eskutik.

Eguraldi onarekin jende gehiegi espero ez badute ere, izan dira ate irekien eguna baliatzen ari direnak, bai Topic bisitatzeko, bai eta bide batez Tolosara gerturatzeko ere. Irungo boskote bat esaterako, museoak erakarrita gerturatu da Tolosara, eta aurrez bertako jatetxe batean bazkari legea egin ostean sartu dira txotxongiloen museora. "Oso polita eta gomendagarria" iruditu zaie, eta gustura geratu dira ikusi dutenarekin. Haiek txotxongiloak ikustez amaitu dutenerako beste taldetxo bat zain zegoen barrura sartzeko, kasu honetan gura eta gaztetxoez osaturiko taldea.

Bihar ere aukera izango da 

Bihar ere ate irekien eguna izango da, eta 10:00etatik 14:00etara bisitatu ahalko da museoa. Bisita gidatu antzeztuak ere izango dira, doan familientzat, 11:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. 11:30ean, gainera, kontzertua eskainiko dute Musikeneko interpretazio klasikoko masterreko ikasleek. Hain justu, Marta Judith Angulo saxofonistak, Teresa Castañon eta Leticia del Monte klarinetistek eta Narayan Rishi saxofonistak osatutako Ashyma Quartet taldea ariko da, Singelée, Márquez, Iturralde eta Romeroren obretan oinarritutako piezak eskainiz.

Arratsaldean, berriz, 17:00etan, Fotopic saria emango dute, eta parte-hartzaileen argazki-erakusketa inauguratuko dute, eta 17:30ean, Retablo de Figurillas aldi baterako erakusketa berria inauguratuko dute eta, ordu horretan bertan, familia-tailer bat izango da Argentinako Babel Teatro taldearen Beethoven ikuskizunaren aurretik.

 

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!