Samurtasunak konkistatuta

Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko III. Topaketa egingo dute Tolosan, maiatzaren 19tik 22ra. Animalien ongizateari eta sektorearen jasangarritasunari aipamena egingo diete.

Besteak beste, gastronomiagatik da ezaguna Tolosa. Urteak dira garai batean Gipuzkoako hiriburu izan zen herrian askotariko gastronomia topaketak antolatzen hasi zirela: babarrunak, gozoak, bisigua, karakolak…, eta, noski, txuleta ere bai; Tolosa eta txuleta oso bikote ohikoa da, herrian elikagai preziatu hori jateko puntako erretegiak daudelako, parrillaren inguruan tradizio handia dutelako, eta haragirik onena lortzen saiatzen diren ekoizleak ere badirelako.

Aurten, hirugarren aldiz egingo dute Tolosako Haragi jaialdia, Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketa. Maiatzaren 19tik 22ra izango da haragia maite dutenentzako jaialdi hori. Generoa, jatorria, kalitatea eta erretzeko teknikak izango dira aurtengo ardatz nagusiak, eta aipamen berezia egingo diete animalien ongizateari eta sektorearen jasangarritasunari. Guztira, hainbat herrialdetako 30 profesional eta aditu bilduko ditu aurtengo aldiak.

“Txuletaren festa gisa hasi zena nazioarteko topaketa bihurtu da; haragiaren hiriburu bilakatu da Tolosa, eta arrakasta izan du, festaren herri izaeragatik ez ezik, herriko eragile sozialen inplikazioagatik ere bai”, nabarmendu du Olatz Peon Tolosako alkateak.

Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikagaien Industriako zuzendari Raul Perez Iratxetak haragiaren garrantzia nabarmendu du: “Gure gastronomiaren bereizgarrietako bat da haragia, baita gure abeltzaintza sektorearen ezaugarri nagusietako bat ere, elikagai osasungarriak modu iraunkorrean ekoizten dituena”.

Kongresu bat Donostian

Maiatzaren 19an, ostegunean, kongresu bat egingo dute Donostiako Basque Culinary Center gastronomia fakultatean. Profesionalentzako saio bat izango da, eta puntako hizlariek parte hartuko dute. “Sektoreari balioa emango diogu; arreta berezia eskainiko diegu kalitateari, animalien ongizateari eta jasangarritasunari”, azaldu du Joxe Mari Aizega fakultateko zuzendariak.

Nazioarteko aditu eta sukaldariez gain, bertako gastronomiaren ordezkariek ere parte hartuko dute ekinbide horretan; hala nola, sukaldariek, harakinek eta ekoizleek. Haragi.eus webgunean jada zabalik dago kongresura entzule modura joateko izena emateko epea.

Gaur zortzitik aurrera, berriz, esperientziak bizitzeko txanda izango da Tolosan. Herritar guztientzako programazioa prestatu dute, aurrekoetan bezala. Aurtengoa, baina, jaialdi formatuan osatu dute, ekitaldia bera eta gastronomia belaunaldi berriei hurbiltzeko asmoz. Haragi Fest ekitaldia da berrikuntza nagusia: Zumarditxikian egingo dute, eta bertan kokatuko dute Foodtruck gunea, zazpi posturekin; autobus erraldoi bat egongo da tartean.

Dastaketarako, bi txanda

Hilaren 21ean, hainbat dastaketaz gozatzeko aukera izango da Tolosan. Goizean, bertako eta nazioarteko parrilleroek haragia erretzeko teknikak erakutsiko dituzte Trianguloa plazan, eta gero pintxotan dastatzeko aukera emango dute. Parrilla inklinatuaren teknika ikasteko espazio bat ere izango da, Sua izenekoa, Tolosako parrilleroen eskutik. Kasu horretan ere kozinatutakoa dastatu ahal izango da gero. Bi txanda izango dira, eta saio bakoitzak ordubete inguru iraungo du. Sarrerak salgai daude Haragi.eus webgunean, 5 euroan.

Hilaren 22an amaituko da topaketa, igandearekin. 12:00etatik 16:00etara zabalik egongo da Haragi Fest gunea, eta 13:30etik aurrera Haragi menua dastatzeko aukera izango da erretegietan. Jakiak edo edariak hartzeko txartelak lekuan bertan erosi beharko dira egun horretan. Sua espaziora joateko soilik erosi beharko da sarrera aurrez.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!