Bide ertzetako belarrak moztuko ditu udalak zenbait gunetan

Ataria 2022ko maiatzaren 13a

Astelehenean, asteartean eta asteazkenean moztuko dituzte bide ertzetako belarrak eta, lanen eraginez, denbora batez ezingo da aparkatu hainbat gunetan.

Astelehenetik asteazkenera bitarte, herriko bide ertzetako belarrak moztuko ditu hainbat gunetan Tolosako Udalak, "herria txukun eta atsegin mantentzeko". Astelehenean, Bentaundi eta Araba etorbidea bitarteko bide ertzetako belarrak moztuko dituzte, baita Artzabaltza sarreraren eta egurrezko zubiaren bitarteko gunekoak ere. Lanen ondorioz, astelehenean ezingo da Bentaundiko aparkalekuetan aparkatu.

Asteartean, Izaskungo igoeran ariko dira lanean; hortaz, ezingo da N1 errepidearen inguruko aparkalekuan autorik utzi. Horrez gain, San Estebanen ere moztuko dituzte belarrak; beraz, auzoko 20. zenbaki ondoko aparkalekuan ere ezingo da aparkatu, ezta San Estebango muturretik Laskoraingoiko poligono ondoko ezpondara bitarteko bidean ere.

Azkenik, asteazkenean, Txarama gaineko bidean eta zirkua egon den aparkalekuan moztuko dituzte bide ertzetako belarrak. Lanek irauten duten bitartean, ezingo da aparkatu gune horietan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!