'Adin adin' bertso saioak izango dira Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 13a, 10:00

Gipuzkoako 18 adinekoen zentrotan egingo dituzte adinekoei zuzendutako bertso saioak, tartean, Tolosako Uzturren eta Iurreamendin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean garatutako Adin adin ekimenaren zazpigarren edizioaren barruan, 18 bertso saio berri antolatu dituzte Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. Maiatzaren 13an hasi, eta hilaren amaierara arte, egoitzetan bizi diren adinekoen “gozamenerako”, bertso saioak eskainiko dituzte bina bertsolarik, eta Tolosaldean ere izango dira saioak, hain justu Tolosan, Uzturre eta Iurreamendi egoitzetan, hilaren 18an eta 30ean, hurrenez hurren.

Azken saioak pasa den azaroan antolatu zituzten, eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azaldu duenez, izan zuten "harrera ona" kontuan izanik, saio berriak antolatu dituzte maiatzean. 18 egoitzetara iritsiko dira bertso saioak, "bertan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta bertsoen bidez euren gaitasuna sustatzea helburu hartuta". COVID-19ak sortu duen egoera berrira moldatuta egingo dira saioak, eta egoitza bakoitzean bina bertsolarik hartuko dute parte, eskualde berekoak eta belaunaldi ezberdinetakoak.

Bertso saio hauek duten “garrantzia eta onura” azpimarratu du diputatuak, "emozioetara iristen den tresna baita bertsoa". Saioak aurrez prestatzen dituzte egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileen bidez egoiliarrekin, gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak ezagutzeko, eta horrela bertsolariak doazenerako parte hartzea errazago aktibatzeko. “Urtez urte proiektua haziz doa, eta azken urteetako balorazio positiboak oinarri harturik, horrelako ekimenak zabaltzen jarraituko dugu”.

Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dagoela adierazi du Peñak. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”, eta horrek sortzen duen “eragin positiboa” balioetsi du diputatuak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!