Biribilgune berria egiten hasiko dira

Ataria 2022ko maiatzaren 12a

Saneamendu lanak egin ondoren, biribilgunea eraikiko dute San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzean; lanek hamar eguneko iraupena izatea aurreikusten du udalak, eguraldiaren arabera.

Martxoan hasi ziren San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko hirigintza-lanak. Saneamendu lanak eginda, amaitu da lanen lehen fasea. Lanen aurretik, euri uren sarea Alliri kaletik zetorren, eta San Frantzisko kalera iristean, ur beltzen sarearekin bateratzen zen, eta araztegira bideratzen ziren guztiak. Saneamendu lanei esker, sare bakoitza bereiztea lortu da: orain, euri urak zuzenean ibaira bideratzen dira, eta ur beltzak, ur hondakinen araztegira.

Lanak egitean, sakoneran hiru metro baino gehiago dituen zulo bat egin dute eta hainbat sare gurutzatu behar izan dituzte, hala nola telekomunikazioak, saneamendua, elektrizitatea, ur-hornidura eta argiteria publikoa. Dena den, lanak egin bitartean, zerbitzu guztiak uneoro martxan mantendu direla gogoratu du udalak.

Orain, "behin betiko soluzio bat" diseinatu du udalak, oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak barnebiltzen dituena. Eremu horretako bizi-kalitatea, bide segurtasuna eta irisgarritasuna "nabarmen hobetzea" da helburua. Berehala amaituko dira urbanizazio lanak, eta ondoren eraikiko da biribilgunea. Horrez gain, inguruko kaleak ere berriz asfaltatuko dituzte. Lanek hamar eguneko iraupena izatea aurreikusten du udalak, eguraldiaren arabera. "Biribilgunearekin, eremuko bizi kalitatea nabarmen hobetzea espero da, ibilgailuen abiadura motelduz eta oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuz. Gainera, zaratak gutxitu eta emisioak murriztuko dira", azaldu du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!