BABESTUTAKO EDUKIA

Errekiaren festa, Oria ibaiaren bi aldeetan

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 12a, 09:32
Joxe Mari Barriola harakina eta Jose Luis Domingez parrilleroa. CHROMA

Haragi Topaketaz gozatu nahi duten herritarrek, maiatzaren 19tik 22ra, ezinbestean bisitatu behar dituzte Zumarditxikia eta Trianguloa plaza.

 

Maiatzaren 19tik 22ra bitarte, Haragi Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketaren hirugarren edizioa ospatuko da. Erreki usaina nagusituko da Tolosan, batez ere, Trianguloa plazan eta Zumarditxikian. Ibaiak banatzen dituen bi guneak aukeratu dituzte antolatzaileek aurtengo edizioko jardueretarako. Batetik, ostiraletik igandera bitarte, Haragi Fest jaialdia izango da Zumarditxikian; bestetik, larunbat goizean, era guztietako errekiak dastatu eta horiek egiteko teknikak ikasteko aukera egongo da Trianguloa plazan.

Foodtruck gunea izango da Haragi Fest, zuzeneko musikarekin. Joxe Mari Barriola harakina da bertan postua jarriko duen ekoizleetako bat. «Euskaldunok mahaiaren inguruan eseri eta denbora luzez horrela egoteko ohitura dugu. Formatu honekin, streetfood kontzeptua eramango dugu Tolosara, eta horretarako, leku aproposa da Zumarditxikia».

Barriolaz gain, ekoizle eta sukaldari gazteak ariko dira gehienbat: Ama taberna, Goya, Basquetruck, Ekotalo edo La Salve. «Bertako produktuarekin noraino heldu gaitezkeen ezagutzeko aukera bikaina izango da». Kamioi txiki edo edukiontzi estiloko postuak izango dira, eta tartean, autobus erraldoi bat jarriko dute. Batik bat, herritar gazteengana errazago gerturatzeko helburua du gune honek. «Formatu erakargarria eta polita izango da, eremu berezian», nabarmendu du Barriolak.

Larunbatean, Trianguloa ere bilakatuko da errekiaren epizentro. Jose Luis Dominguez, Txomin Parrilla jatetxeko sukaldaria egongo da bertan. «Erretegi bakoitzeko parrilleroek, haragi zati desberdinak erreko ditugu». Gainera, Tolosako parrilleroen eskutik, parrillan lan egiteko teknikak ikasteko aukera egongo da bertan. «Niretzat, haragiaren eta errekiaren sehaska da Tolosa, eta beraz, ideia zoragarria iruditzen zait. Egunero zerbait berria ikasten dela diote; bada, ni egunero saiatzen naiz beste norbaiti zerbait irakasten», esan du Domingezek.

Lehenago galdaragilea zen Domingez, eta duela hamabi urte deskubritu zuen errekia egiteko teknika; geroztik, ofizioa bizimodu bilakatu dela dio. «Ni berria naiz mundu honetan, eta beraz, Don Julio erretegiko Pablo Rivero, Hego-Amerikako parrillero onena izendatzen dutena, aldamenean izatea ohore handia izango da».

TXERRI BAT, SAGARDO BOTILAN

Domingezek eta Barriolak, gainera, elkarrekin lan egingo dute ostiralean. «Nik, txerri baten zatiak kozinatuko ditut; horretarako, lehenik, Joxe Marirekin batera, txerria zatikatuko dut. Ondoren, larunbateko 06:00ak bitarte, beratzen utziko ditugu. Larunbat goizean, jaialdirako propio diseinatu dudan Smoker batean (tenperatura baxuan erretzeko makinan) sartuko ditugu. Sagardo botila itxura duen eltze handi bat da, eta hori dela eta, sagarrondo egurrak sartuko dizkiot, ketzeko», azaldu du sukaldariak. «Egiten dugun lana herritarrei gerturatzeko eta erakusteko modu bat izango da», esan du harakinak.

Herritarrek edozein animaliaren pieza guztiak ondo ezagutzea «ezinbestekoa» dela dio Domingezek. «Zati ugari daude, akaso ezezagunak direnak, baina kozinatzeko merezi dutenak, eta gainera, jasangarritasuna ematen diote sektoreari, haragia ez delako soilik txuletak egiteko erabiltzen. Ondorioz, txuletari ez ezik, Haragik garrantzia handiagoa ematen dio okelari, bere osotasunean», azpimarratu du.

Gizarteak, oro har, haragiaren munduaz «ezezagutza handia» duela esan du Barriolak. Haragia ez da soilik moztea eta zartaginera botatzea. Historiaren parte da, eta beharrezkoa iruditzen zait haragia lantzeko modu ezberdinak daudela jakitea, ez soilik sukaldariek kozinatzerakoan, baita harakinek tratatzean ere». Hala ere, datozen egunak gozatzekoak izango direla esan du: «Haragi ez da soilik haragiaren topaketa, haragiarekin lan egiten duten edo elikagai horrekin bere bizitza aurrera eramaten duten horien topaketa ere bada.Ikasketa handia izateaz gain, lagunarteko festa handia izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!