Bigarren aukeran lortu beharko du igoera TAKEk

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 11a, 19:59

Redline Mekanika TAKEko kideak eta zaleak, Atletico San Sebastian taldearen aurkako partidaren ostean.

Redline Mekanika TAKE asteburu honetan saiatuko da EBA ligara igoko den bigarren taldea izaten, lauko finala irabaziz.

Etxeko lanak egin zituen asteburuan Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldeak, Atletico San Sebastiani igoera faseko ligaxkaren azken partida irabazita, baina ez zen nahikoa izan zuzenean igoera ematen zuen lehen postua lortzeko. Postu horren borrokan zeuden beste bi taldeek ere garaipena lortu zuten, eta azkenik Bilbao Basket taldeak lortu du EBA ligara igotzea. Redline Mekanika TAKEk, beraz, igoera lortzeko beste aukera bat izango du asteburuan, lauko finala jokatuko baitu. Donostiako Illunben jokatuko du finalerdia Universidad Deusto Loiola Indautxuren aurka larunbatean, 20:00etan hasiko den partidan. Beste finalerdia, Tecnum-Askatuak eta Tabirako Baque taldeen artekoa, 18:00etan hasiko da.

Goar Artetxe entrenatzaileak harro hitz egin du taldeak egin duen igoera faseaz: «Zortzi partidetatik zazpi irabazi ditugu, eta galdu genuena puntu batengatik izan zen Bilbao Basketen aurka. Taldeak egin duen igoera fasea ikaragarria izan da». Taldearentzat aste garrantzitsua dela dio: «Horrelako egoeretara ez gaude ohituta, finalerdia jokatu eta irabaziz gero finala hurrengo egunean jokatzera». Deusto Loiola Indautxuren aurkako azken partidan sekulako jipoia eman zion TAKEk, baina oraingoan partida parekatua espero du Artetxek: «Beraiek oso ondo prestatuko dute partida, eta talde indartsua da. Gure bertsio onena eman beharko dugu finalerdia aurrera atera nahi badugu». Larunbatekoa irabaziz gero, finala igande eguerdian izango dute.

TAKE klubak larunbateko finalerdia ikusi eta taldea animatzera joateko deia egin die zaleei. Sare sozialetatik jakinaraziko dute bertara joateko autobusik antolatuko ote duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!