ELKARRIZKETA

«Nire gauzak egiten bezainbeste disfrutatzen dut jendearekin lan egiten»

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 15a, 07:58

Alos Quartet hari laukoteko kidea da Xabier Zeberio Etxetxipia eta taldearentzako musika sortu eta moldatzeaz gainera, zeregin horretan aritzen da beste hainbat musikarirentzat etxean muntatua duen estudioan. Beste artistekin lankidetzan aritzeak bere ikuspegia zabaldu eta aberasten duela dio.

Eñaut Elorrietaren disko berriaren moldaketak egiten ari da eta aurki Paul Urquijoren Irati pelikularentzat prestatu duen soinu bandaren grabazioari ekingo dio. Xabier Zeberio Etxetxipia (Tolosa, 1978) musikaria proiektu askotan dabil eta horien inguruan hitz egiteko tartea hartu du Tolosaldeko Ataria-arekin.

Zure egunerokoaren zenbatekoa okupatzen du musikak?

Asko. Goizean goizetik, errutina bat daukat: gimnasia pixka bat egiten dut biolinarekin, martxan jartzen naiz, eta moldaketak, konposizioak eta bestelako lanak egiten ditut. Astean hirutan, arratsaldez, eskolak ematen ditut Aguraingo musika eskolan. Musikaren inguruan, beraz, jira-biran ibiltzen naiz ia egun osoan.

Musika mundutik aparte egoteko beharra sentitzen al duzu?

Bai. Deskonektatzeko gaitasuna badut, suertez. Mendira joan edo kirola egiten dut horretarako. Askotan pasatzen zaigu pasioa ofizio bezala dugunoi, ez garela publiko normala bezainbeste gerturatzen musikara. Disko pila bat izaten dut entzuten hasteko prest eta sekula ez diet heltzen.

Zuk musikarik gabeko oroitzapenik baduzu zure bizitzan?

Ni oso goiz hasi nintzen biolina ikasten, lauzpabost urterekin, beraz ia ez dut musikarik gabeko oroitzapenik. Batetik ez bada bestetik beti izan dugu musika etxean. Gurasoengandik jaso dugu musikarekiko maitasun hori eta horren froga da sei anai-arrebetatik lau musikariak garela.

Musikari gisa, inoiz uzten al zaio ikasteari?

Beste ofizioetan bezala izango dela pentsatzen dut. Zenbat eta gehiago jakin konturatzen zara orduan eta gutxiago dakizula. Egunero-egunero ikasi beharra dago, praktikatu eta gauza berriak ikasteko grina eta ilusioa eduki behar dituzu.

Inoiz izan al duzu hautua egin beharraren sentsazioa? Musika ez beste arloren batean irudikatu izan duzu zeure burua?

Garai bateko UBI bukatu, ikastola amaitu, selektibitatea egin eta biolineko goi mailako ikasketak bukatzeko urtebete falta zitzaidala, urtebete hartu nuen pentsatzeko karrera bat egin nahi ote nuen edo musikara dedikatu. Eta justu, orduantxe, ate guztiak parez pare zabaldu zitzaizkidan. Goi mailako ikasketak amaitu eta urte hartan, 1997an, EGO sortu zen. Hautaprobetara aurkeztu eta lehenengo promozioan sartu nintzen. Handik hiru hilera sortu zitzaidan Oskorri taldean sartzeko aukera.

«Niretzako Oskorri unibertsitatea izan zen. Hogei urte bizi izan nituen beraiekin»

Nola sortu zitzaizun aukera taldean parte hartzeko? 

1997ko irailean, Oskorriren biolin jotzaileak taldea uztekotan zegoela esan zuen. Orduan Natxo de Feliperi okurritu zitzaion EGOko zuzendari Juanjo Menari aholku eske joatea. Orkestran norbait ba ote zegoen galdetu zion. Bizpahiru biolinisten izenak eman zizkion, tartean nirea, eta De Feliperen etxean bildu ginen. Sei bat biolinisten casting-a izan zen eta horrelaxe aukeratu ninduten.

Zuk ezagutzen zenuten taldea lehenagotik. 

Bai, noski. Gure etxean ohiko taldea zen. Beti entzundako taldea. Pentsa, kontzertu baten inguruan dudan lehenengo oroitzapena, Lizarrako Nafarroa Oinezen Oskorriren kontzertu batena da. Imajinatu ezazu, zure idolo horien taldean sartzeko aukera duzula. Garai horretan oso inkontzientea nintzen, erdi umea. Ez nintzen oso ondo jabetzen zer zetorkidan gainera. Eta hobe horrela.

Zer suposatu zuen Oskorrin parte hartzeak?

Beti berdina esaten dut, niretzako unibertsitatea izan zen. 20 urte bizi izan nituen beraiekin, esperientzia errepikaezinak eta bizipen paregabeak gordetzen ditut. Oso-oso eskertuta nago eman zidaten aukeragatik.

Emanaldiak alde batetik bai, baina estudioko lan asko ere grabatu zenituen Oskorrirekin. Zer moduzko lana da zuretzat grabazio estudiokoa?

Nik biak ditut gustuko. Zuzeneko kontzertuetan publikoarekin kontaktu zuzena duzu, txaloak jasotzea ederra da, feedback hori gauza polita da musikari batentzat. Baina estudioko lanak badu beste zerbait. Oskorrikoei beti eskertuko diedan gauza bat da nire kantuak konposatzeko aukera eman izana. Taldean sartu nintzenean, lehenengo diskotik sortu ahal izan nituen nire kantuak. Hori pentsaezina zen niretzat adin horrekin. 19-20 urterekin disko baten zure bi kanta grabatu ahal izatea ez zaio normalean zure adineko gazte bati gertatzen. Eskuzabaltasun handia izan zuten nirekin eta asko delegatu zuten Oskorrikoek niregan. Hori ikasbide handia izan zen niretzat.

Oskorri bezalako talde batean aritzea exijentzia handiko lana dela esango zenuke?

Exijentea bada. Ez nuke esango bereziki exijentea, baina bazuen bere eskakizuna. Lan profesionala zen, oso serioa, lan karga handiko taldea zen Oskorri eta dedikazio esklusiboa zuen talde bakarrenetarikoa garai horretan. Taldekide guztiak horretatik bizi ginen, hori zen gure lanbidea. Beste gauzak egin genitzakeen baina lehentasun osoa Oskorri zen. Eskatzen zuen konposatzea, entsegu asko egitea, bidaia asko, kontzertuak... Neke asko bai, baina baita satisfazio handiak ere. Jaialdi handietan parte hartzeko aukera izan genuen, leku asko ezagutu, jende askorekin egoteko aukera izan genuen. Hori gurekin daramagu betirako.

Sentitu al zenuen bertigorik taldea desagertu zenean?

Bai. Momentu kritiko xamarra izan zen. Egia da nik paraleloki beste lan asko egiteko aukera izan dudala. Moldatu nintzen. Gainera, 1999an, Alos Quartet sortu genuen eta horrekin ibilbidea egiteko aukera izan dut, gaur arte. Oskorri desagertu zenean, egia da, bertigo apur bat sentitu nuela eta beldurra izan nuen nire musikari bizitza bertan bukatuko ote zen. Nire sorpresarako Oskorri bukatu zenetik askoz ere lan gehiago daukat. Jendeak taldean ikusten ninduen eta ulertzekoa da proposamenak egiteko niregana hainbeste jo ez izana. Orain aktibitate nahikoa frenetikoa daramat. Batzuetan, gehiegitxo ez ote den ere galdetzen diot neure buruari. Ez da erraza neurria hartzea. Dena den, oso zorteduna sentitzen naiz proiektu askotatik deitzen didatelako.

Ez zenuen aldi luzea pasa oholtza zapaldu gabe. 

Egia da. Oskorri desagertu eta hilabete gutxira Benito Lertxundik deitu zidan bere taldean sartzeko. Sei bat urte daramatzat berarekin. Ezin naiz kexatu.

Zein da musikari baten eta bere instrumentuaren arteko harremana?

Esplikatzea zaila da. Maitasuna eta gorrotoa, aldi berean. Hainbeste ordu pasatzen dituzu zure instrumentuarekin. Askotan sentsazio kontua izaten da. Goizean esnatu eta bat-batean sekulako biolinista sentitzen zara eta biharamunean instrumentu berdina hartu eta ez zaizu ezer ateratzen. Harreman berezia da. Biolinarekin batera, biola izan dut bidaide azken urteetan, eta bi horiei nyckelharpa batu zaie. Gaur egun, biolina bezainbeste edo gehiago jorratzen dut nyckelharpa.

Maitemindu egin zinen instrumentuarekin?

Bai, egia da. Biolina ez nuen nik aukeratu, nire gurasoek baizik. Horrekin ere eduki dut buru-jatea. «Hau benetan gustatzen zait edo ohitura kontua da?». Nahiz eta horrelakoak burutik pasa, ni oso maiteminduta nago biolinarekin ere, baina nyckelharpa bada nik helduaroan aukeratu dudan instrumentua. Hamaika proiektutan parte hartzeko aukera eman dit nyckelharpak.

Zer du bada instrumentu horrek?

Suediako instrumentu nazionala deitzen diote, Erdi Aroko musika instrumentu berezia da, tekla bidez jotzen den biola moduko bat. Beste sonoritate bat lantzeko aukera zabaldu dit eta nire sorkuntza beste eremu batzuetara eramateko bidea erakutsi. Suediarrentzat nyckelharpa da, paralelismoa eginez, guretzako trikitia dena. Musika herrikoia eta dantzarako erabiltzen da, oso errotuta dago bertako musika tradizionalean. Haiei arraroa egiten zaie beraien instrumentua erabiltzea beste musika mota batzuk egiteko.

Beste nyckelharpa bat duzu bidean. 

Bai. Duela 20 urte bertako luthier bati eginarazi nion orain arte erabili dudana. Urte dezente ibili naiz beste luthier batekin hartu-emanetan. Ez dago jende asko horretara dedikatzen dena. Egile gutxi daude munduan. Duela sei urtetik nabil nyckelharpa berri bat eskuratzeko zain eta iritsi da momentua. Uda honetarako etxean izango dut. Umetxo berri batekin bezala, poz-pozik nago.

Beti aritu zara harizko instrumentuen familia horretan?

Bai. Kontrabaxua ere jotzen dut. Ibili nintzen urte batzuetan jazz kontrabaxuko ikasketak egiten Donostian. Etxean badut eta erabiltzen dut grabazioetarako. Proiektu ezberdinetarako darabilt, tinbre ezberdinak lantzeko eta ñabardura ezberdinak txertatzeko aukera ematen didalako. Moldakortasun hori ematen dit kontrabaxuak.

Zein musika estilotan kokatuko zenuke zeure burua?

Ez da erraza musikari bati etiketa jartzea. Musika iturri askotatik edan dut nik eta jarraitzen dut edaten, nire sorkuntzan nabari da hori. Alos Quartet-eko musika sortzearen ondorioz uste dut badudala zigilu moduko bat. Edaten dut herri musikatik, noski, baina badut minimalismoaren kutsua, musika neoklasikoaren kutsua, gauza elektronikoak ere asko gustatzen zaizkit. Zaila da nire musika, denda bateko apalategian kokatzea. Nik hori gauza positibo bezala ikusten dut.

Zure izaera propioa landu duzula uste duzu?

Nik baietz uste dut. Nire xumetasunean, ibilbide horretan, urteen poderioz, lortu dut bereizgarri bat. Ukitu horiek ezagunak zaizkio jendeari.

Moldakorra izateak estilo diferenteetako musikariekin lan egiteko bidea zabaldu dizu?

Bai, hori da. Niri asko betetzen nau horrek. Asko gustatzen zait musika ulertzeko modu ezberdinak ikustea eta ikastea. Pop musikari batekin edo rock musikari batekin lan egitea, edo folk talde tradizional bati moldaketak egitea, edo musika klasikoa edo antzinako musika jotzea... Guzti horrek betetzen nau, eta aldi berean, aniztasun horrek guztiak betetzen du nire motxila. Gero zu zaren hori iturri guzti horietatik dator. Gauza bakarra egiteko gai bazara, edo gauza bakarrean zentratzen bazara, zaila da eboluzionatzea.

Zenbat musikarirekin kolaboratu duzu?

Ez dakit ondo kalkulatzen. Esango nizuke 150 disko baino gehiagotan kolaboratu dudala. Artista pila batekin. Oso zorteduna sentitzen naiz hainbeste jendek nigan konfiantza jartzen duelako. Nire gauzak egiten bezainbeste disfrutatzen dut jendearekin lan egiten.

Nola jotzen dute zuregana?

Ez dakit esaten. Ni saiatzen naiz nire lana ahalik eta ondoen egiten. Edozein lan ahalik eta serioen hartzen saiatzen naiz, laguntza eske datorkidan musikaria ezaguna edo ezezaguna izan, hasiberria edo kontsakratua, talde txiki edo handia izan, beti seriotasun handiarekin eta nire partetik daukadan guztia ematen dut lan bakoitzean. Batzuetan gehiago asmatzen da besteetan baino, baina nire saiakera behintzat %200 ematea izaten da. Lanbide hau, beste asko bezala ez da erraza, gorabehera askokoa da, baina egia esatea nahi baduzu, oso pozik eta harro sentitzen naiz nire ibilbidearekin.

Konposizio eta moldaketak egiten dituzu artista askorentzat. Ez al da zure lana ezkutuan geratzen?

Bigarren plano batean bai. Zure etxeko estudioan grabatzen orduak ematen dituzu isilean, baina hori da proiektu ezberdin askori zure ekarpena egiteko modua. Zure ukitua emateko aukera ematen dizu. Hor zaude, bigarren plano batean, baina ni eroso nago. Ez daukat lehenengo planoko presioa, baina bai neure buruari jartzen diodana. Jendea askotan ez da konturatuko zeinek egin dituen moldaketak disko batean edo zeinek jotzen duen biolina, ez dakit zein lanetan. Hori ez da garrantzitsuena, norbera bere buruarekin gustura egotea baizik eta bidean gozatzen ikastea. Niretzat lan horiek guztiek badute osagai sortzailea. Niretik jartzeko aukera ematen dit, nire ikuspuntua ematen diet besteen lan askori. Hori oso aberasgarria da.

Musikariekin duzun lankidetza zer moduzkoa da?

Ona. Psikologo lana ere egin behar da, denok baititugu gure segurtasun faltak eta gure ikarak. Bestalde norberak bere gustuak ditu eta hori dena kudeatu behar da, zu ez baitzara zeure buruarentzat lanean ari, beste artista batentzat baizik. Noraino duzu askatasuna zuk nahi duzuna egiteko eta noraino egin behar duzu artistak eskatzen dizuna? Oso eremu lausoa da eta etengabe eskatzen dute negoziazioa. Oreka lan bat da. Nik, hala ere, zorte handia izan dut, ez dut inoiz inorekin arazorik izan eta jendeak oso eskuzabal jokatuko du nirekin. Ia inoiz ez didate ezer atzera bota.

Musikari horiekin aritzen zara gero zuzenekoetan?

Ez beti. Noizean behin hots egin izan didate aurkezpenetarako eta horrelakoetarako. Gauza bereziren bat sortzen bada joaten naiz. Proposamenak asko izaten ditut, baina agendan ez naiz kabitzen. Gauzetara ezin iritsi ibiltzen naiz, eta nahiz eta gustatuko litzaidakeen jende askorekin jotzea, ezin dut. Kostata bada ere, hasi naiz ezetz esaten ikasten. Gogorra da, baina zure osasunari ere kontu egin behar diozu. Alos Quartet-en eta Benito Lertxundirekin nabil zuzenekoetan. Gero, Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaranekin batera, Arineketan proiektuan ere banabil. Amaia Elizaranekin ere asko ibiltzen naiz emanaldietan. Horregatik ez da erraza emanaldi guztiak agenda bakarrean kudeatzea.

Lana etxean egiten duzu. 

Bai. Hasierako urteetan, beti estudiora joan behar izaten nuen eta horrek gauzak konplikatu egiten zituen. Estudioko lana mugatua da, denbora diruak mugatzen du. Etxean estudioa edukitzeak sekulako askatasuna ematen dit frogak egiteko, kendu eta jartzeko, maketak bidaltzeko eta gauzak aldatzeko. Hobea da lan egiteko modu hau. Entregatu beharreko data argi edukita, nik antolatzen dut neure burua. Bizitza errazagoa egiten zait horrela. Azken urteetan hartu dudan erabaki hoberenetako bat izan da estudioa etxean muntatzea. Egiten ditudan ekoizpenen %95 etxetik bideratzen dut. Moldaketak egin eta sokak grabatzen ditut eta horrelaxe bidaltzen ditut, artista bakoitzak gero bere estudioan nahastu ditzan.

Nola lortzen da talde batek 20 urte baino gehiago betetzea?

Alos Quartet kasualitatez sortu zen, Niko Etxartek elkartu gintuen Zuberoako bere estudioan duela 22 urte. Ez genuen elkar ezagutzen orduan, baina harreman bat sortu zen orain arte iraun dena, proiektuz proiektu. Ilusioz, gauzak ahalik eta hobekien egiteko intentzioarekin jardun dugu eta nik uste dute gauzak oso ondo joan zaizkigula. Musika talde baten oinarrian, edo beste edozein giza talderen oinarrian humanitateak egon behar du; Inportanteena feeling-a edukitzea da, ez da hain garrantzizkoa musikari onak izatea. Eta gero, Alos Quartet-en kasuan sekretua da, inongo pretentsiorik gabe sortutako zerbait izan dela. Inongo presiorik gabe eta helburu estratosferikorik gabe egin dugu lan. Bidea egitea da kontua eta bideak ekarri gaitu hona. 

Alos Quartet-ek ere bide eman dizu beste hainbat proiektutan parte hartzeko. 

Bai. Taldeak bi lan ildo nagusi izan ditu. Batetik, bere sorkuntza propioa eta diskoak egon dira eta bestetik, gure beste lan ildo inportantea hainbat artistekin egin izan ditugun lankidetzak dira. Gure lehenengo proiektu garrantzitsua, Dulce Pontes abeslari portugaldarrarekin egindakoa izan zen. Urte dezentetan ibili ginen Espainia osoan. Eta handik, beste askorekin aritzeko aukera sortu zitzaigun: Carlos Nuñez, Kepa Junkera, Los Piratas, Ken Zazpi... Hor ere asko ikasteko eta esperientzia ederrak bizitzeko aukera izan dugu.

Diziplinartekotasun bat ere badago zure lanetan. Nondik nora dator hori?

Azkenaldian lan asko egin dut dantzaren inguruan. Hasi nintzen Aukeran dantza konpainiaren Geltokia ikuskizuneko musika sortzen eta azken urte hauetan oso intentsuki nabil Amaia Elizaranekin. Azkeneko bizpahiru ikuskizunetako musika sortu dut eta berarekin segitzen dut emanaldietan. Antzerki obretarako musikarekin ere probatu dut, Markeliñe taldearekin bi espektakulutan jardun dut eta zinearen munduan sartzeko zortea izan dut. Hainbat soinu banda grabatu ditut, adibidez, Akelarre filmekoa, Goya saria irabazi zuena. Paul Urquijoren Irati izeneko pelikularen soinu banda grabatuko dugu aurki. Zinemarena da esparru bat asko interesatzen zaidana, oso erakargarria niretzat. Lana sakon egiteko aukera izan dut azken urteotan eta bide horretan jarraitu nahi nuke aurrerantzean ere.

Aldi berean gauza batean baino gehiagotan aritzeak ez dizu trabarik egiten?

Batzuetan bai. Enkargu bat egin berri dut, Ikas-Elkarrek egindakoa, emozioen ingurukoa, Haur Hezkuntzarako materiala da, soinu banda moduko bat. Oso gauza diferenteetan nabil, batetik bestera, baina denak egiten zaizkit interesgarri eta zaila egiten zait horietako askori uko egitea. Proiektu askotan nabil eta astez aste nabil nire agenda antolatzen.

Gaur egun, lanak dibertsifikatzearekin batera, musikari batek bizibiderik ateratzen al du disko salmentatik?

Diskoak dira aitzakia bat gero proiektua martxan jarri eta emanaldiak lortzeko. Guk egia esan azkeneko urteetan zorte ikaragarria izan dugu. Azken hiru urte hauetan emanaldi asko emateko aukera izan dugu. Alos Quartet formazioa nahikoa arraroa da, hari laukote bat da, ez gara mainstream-eko pop talde bat, baina bere txikitasunean asko mugitzeko aukera izan dugu. Pandemia guzti honekin, ez zaizkigu gauzak batere gaizki joan, agian gehiago sufrituko zuten rock talde eta musika gogorragoa egiten dutenek, haiek muga asko izan dutelako edukiera aldetik. Gure musika lasaiagoa denez, normalki izaten ez den esparru askotan egoteko aukera izan dugu. Gustura gaude.

Musika minoritarioa da egiten duzuena?

Ez dakit hitz egokia hori den. Badu bere publikoa. Guk ez ditugu masak mugitzen, alde horretatik begiratuta, izan daiteke minoritarioa, baina minoria zabal batentzat dela esango nuke.

Zein da Alos Quartet-en publikoa?

Denetarik. Dena den uste dut publiko heldua dela oro har. Gurea ez da 13 urteko gaztetxoek entzuten duten musika. Hala ere, ez da hainbeste zein jenderi gustatzen zaion egiten duzun musika, baizik eta zein irisgarritasun duen zure musikak, zeinek duen sarbidea guk egiten dugun proposamenera. Gu ez gaude Gaztea-n eta horrelako lekuetan, tristea bada ere. Baina sentsazioa dut behin gure musika behar den tokira iristen denean geratu egiten dela. Hori da inportanteena. Gure musika katalogatzen zaila da, baina entzuten duenak topatzen du zerbait berezia eta ezberdina, hunkitzeko modukoa.

Zaila da musikaren esparru guztiak gizarteratu eta publikoarengana helaraztea?

Bai. Ezjakintasuna dago alde batetik eta txikitatik, eskoletan pedagogia egin behar da. Kontzertu pedagogikoak eta bestelakoak antolatu beharko lirateke, adibidez. Azken batean, egunero entzuten duzun hori gustatzen zaizu. Niri ere masiboki zabaltzen diren gauza asko izugarri gustatzen zaizkit eta kalitate handikoak iruditzen zaizkit. Baina abaniko hori zabaltzea polita da eta momentu asko daude musika estilo ezberdinak entzuteko. Hori baloratzea inportantea da.

Gizarteak baloratzen du sortzaileen lana?

Ez dakit baloratzen duen edo ez. Nik baloratzen dut eta hori da oinarrizkoena. Gu artisau batzuk gara. Oso pozik nago nire bizimodua musikatik duintasunez ateratzeko zortea izan dudalako. Gustuko lana egiten dudalako, sekulako antzokietan jotzeko aukera dudalako, diskoak grabatzeko aukera... Errekonozimendua badaukat eta horrek asko betetzen nau. Ni apreziatua sentitzen naiz, Oskorriko garaietatik ezagutzen nau jendeak eta maitasun hori helarazten dit.

 

MOTZEAN


Musikari bat?

  • Olafur Arnalds.

Musika talde bat?

  • Itoiz.

Kantu bat?

  • Hertzainak-en Aitormena.

Kontzertua emateko toki bat?

  • Bartzelonako Palau de la Música.

Instrumentu bat?

  • Nyckelharpa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!