ELKARRIZKETA

«Gizonezkoena izan den esparru batean gu ere lan egiteko gai garela erakutsi nahi dut»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 14a, 07:58

Duela zortzi hilabetetik Naroa Ayestaran da Tolosako hilerrietako lurperatzailea. E. MAIZ

Duela zortzi hilabetetik Tolosako hilerriko lurperatzailea da Naroa Ayestaran tolosarra; aske lan egin nahi zuen, eta Tolosako hilerrian topatu zuen lasaitasuna, eta «oso gustura» ari da lan berrian.

Bulegoko lanarekin nazkatuta, kasualitatez iritsi da herriko hilerriko lurperatzaile izatera Naroa Ayestaran Ibarburu (Tolosa, 1992). «Oso gustura» ari dela lan berrian aitortu du, eta orain artean gizonezkoena izan den lanean emakumeek ere egin dezaketela erakutsi eta gizarteratu nahi du.

Nola iristen da bat lurperatzaile izatera?

Lan bila nenbilen. Administrazioa ikasi nuen, eta lanean lau pareta artean oso itxita sentitzen nintzen. Aldatu egin nahi nuen lanez. Aplikazio ezberdinetan ari nintzen lan bila eta lurperatzailearen aukera atera zitzaidan. Arraroa edo ezohiko lana da, eta hasieran ez nintzela apuntatuko pentsatu nuen. Baina gero neure buruari esan nion: «Zergatik ez?». Probatzera ausartu nintzen, eta curriculuma bidali nuen.

Kasualitatez iritsi zarela esan daiteke?

Eskaintza ikusi nuelako izan da.

Noiztik ari zara?

Jada zortzi hilabete daramatzat. Irailean hasi nintzen.

Tolosako hilerriko lurperatzailea zara.

Hori da. Tolosako Udalak enpresa pribatu bat kontratatzen du, eta nik enpresa horretan egiten dut lan. Tolosako hilerriaz gain, Aldaban eta Bedaion ere egiten dut lan.

Bizitzari aldaketa bat eman diozu, beraz.

Guztiz. Egun pare batean buruari bueltak ematen aritu nintzen curriculuma bidali edo ez, baina lan baldintzak oso onak ziren, eta gainera naturan lan egiten da eta hori asko gustatzen zait. Baiezkoa eman nion eskaintzari.

Noizbait pentsatu zenuen lan honetan ariko zinenik?

Ez, inoiz ez. Ez dut uste inork duenik lurperatzaile lana bokaziotzat. Nik txikitan irakasle izan nahi nuen, eta bizitzak bueltak ematen ditu eta azkenean administrazioko ikasketak egin nituen, gizarte integrazioa ere ikasi nuen, eta inoiz ez nuen pentsatu honelako lan batean bukatuko nuenik, eta oso gustura nago.

«Hilerrian lan egiten dudanetik bizitza topera bizitzen saiatzen naiz»

Nolakoa ari da izaten esperientzia?

Oso-oso ona. Lan gehiena fisikoa da, eta lan gehiena belarrak ematen du. Belarra eta zuhaixkak moztu, eta dena txukun mantendu behar da. Mantenua egin, garbiketa, zerbait puskatzen bada konpondu, telefono bidezko arreta eta aurrez aurrekoa ere egiten ditugu, eta tokatzen denean edo familiak eskatzen duenean lurpetik atera edo exhumatu ere egiten ditugu. Eta nola ez, lurperatzeak ere egiten ditugu.

Egunero hiltzen da pertsona bat?

Ez. Enpresa moduan, ia Gipuzkoako hilerri guztietan aritzen gara, eta nonbait laguntza behar bada hara joaten gara.

Ez zara Tolosan bakarrik aritzen orduan. 

Nik Tolosarako lan kontratua dut, baina enpresa bera denez, tarteka, laguntzen dut beste herrietan ere.

Lantoki moduan erosoa da hilerri bat?

Bai. Oso lasaia da, eta eguraldi onarekin, gainera, oso polita da. Jendeak orokorrean oso txukun mantentzen du, lore askorekin...

Denetarik izango da...

Bai, baina orokorrean oso ondo eta polita edukitzen dute.

Baina negua gogorra da. 

Bai, euri asko egiten duenean ezin da gauza askorik egin. 

Grisa eta iluna. 

Bai. San Blasen dago, eta haize asko ibiltzen da, baina niri ez dit beldurrik ematen.

«Lurperatzailea naizela esatean denak guztiz harrituta geratzen dira»

Bakarrik zaude hilerrian?

Ni Tolosan bakarrik egoten naiz, eta lurperatzeko garaian beste bat edo bi etortzen dira laguntzera. Pertsona batek hilkutxa batekin bakarrik ezin du; ezinekoa da. Guztira enpresan sei pertsona gara.

Erraza izan da lurperatzaile lanetara ohitzea?

Hasieran gauza batzuk harritu egiten zaituzte. Esaterako lehendabiziko lurpetik ateratzeak-eta, baina gauza guztietara bezala ohitu egiten zara. Aldaban eta Bedaion kolunbarioak badaude errautsentzat, baina lurrean ere sartzen dira hilkutxak. Hezurrak baino ez dira. Animalien hezurrak ikustera ohituta gaude. Nik ez dut beste ezer ikusi, eta hezurrak bakarrik izanda ez dit ezertan eragiten.

Jendeari zertan lan egiten duzun esatean zein da lehen erreakzioa?

Lurperatzailea naizela esaten diet, eta denak harrituta geratzen dira. Egia esan guztiz harrituta geratzen dira, baina kuriositatea ere pizten zaie. Zer egiten dudan, zer ikusten dudan... Morbo pixka bat badago. «Baina gustura zaude?», denen galdera izaten da. Eta nik oso gustura aritzen naizela esatean ere harritu egiten dira horrelako toki batean gustura ari naizelako. Beste askok beste lan bat iritsiko zaidala esaten didate, eta nik esaten diet ez dudala beste lanik nahi; gustura nago. Gertukoak jada ohitu dira, baina jendeari naturaltasunez hartzea falta zaio.

Zuk horixe nahi zenuen, ezta?

Bai. Aske lan egin nahi nuen, naturan eta lasaitasunarekin. Orain artean, beti jendearen aurrean egin dut lan, eta hilerrira ere jendea etortzen zait, baina gutxiago. Buruhauste gutxiago ditut.

Nola bizitzen zenuen heriotza lanean hasi aurretik. 

Naturaltasunez. Hiltzeari beldurra denok diogu, baina orain ikasi dudana da egun batetik bestera jada ez zaudela. Eta hilerrian lan egiten dudanetik bizitza topera bizitzen saiatzen naiz, eta nahi dudana egiten nahi dudan momentuan.

Familiekin harremana sortzen da?

Batzuekin bai. Ni enpatia handiko pertsona naiz, eta tratu goxoa ematen ahalegintzen naiz. Beraientzat momentu oso zailak dira. Paper kontu batzuk ere egiten ditugu, eta ahalik eta azkarren egiten ahalegintzen gara. 

Lurperatzea bera familiarekin egiten da. 

Udaletxeak eskatzen digun dokumentu bat betetzera hilerrira joan behar dute familiek. Beraiek esan behar digute zein den familiaren hilobia edo panteoia, nik jakiteko zein ireki. Eta lurperatzea noiz egingo den ere adostu behar izaten dugu.

Erraza da lurperatzearen momentua bera?

Oso jende gutxi izaten da edo izugarrizko jende pila, baina gu gure lana egiten ahalegintzen gara, eta ingurukoei ez begiratzen. Tentsioko momentua da, eta denak ondo atera behar du.

Zuentzat ere une hori ez da samurra izango.

Bai. Jendeak denetarik egiten du. Omenaldi oso politak egiten dituzte, eta nahiz eta ez ezagutu batzuetan bai hunkitzen naiz.

Gizonen mundua edo gizonekin lotzen den lana da zurea.

Bai. Esan didate beste bi emakume badirela, baina normalean gizonek egindako lana da. Nire enpresan denak gizonezkoak dira, ni izan ezik. Tolosako lurperatzaileak beti gizonezkoak izan dira. Lehen emakumea ni izan naiz. Badakit Tolosako Udalak generoa kontuan hartuta, ea saiakera bat egin zezaketen eskatu ziola enpresari, eta ni hartu ninduten. Ea honek jendearen pentsaera irekitzen laguntzen duen pixka bat, eta esparru guztietara zabaltzen den.

Zentzu horretan, nolakoa izan da gizonen artean lanean hastearena?

Nire kasuan ondo hartu naute eta erraztu didate, eta bat gehiago naiz beraientzako. Hasieratik guztia erakutsi didate. Nik ez neukan ideiarik ere, eta makinak-eta nola erabiltzen diren erakutsi didate. Oso ondo. Bai egokitu zait lurperatzeetan eta jendeari entzutea nigatik hizketan: emakumea naizela, lurperatzailea ote naizen... baina ez ditut gaizki hartzen. Azken batean, kuriositatea da eta jendea ohitu artekoa izango da. 

Berdintasunerako bidean beste pauso bat, beraz. 

Bai. Kasu honetan emakume bakarra naiz, eta beste bi badirela badakit, eta gehiago ere izango dira, baina normalean gizonezkoak izaten dira. Zalantzan egon nintzen elkarrizketa hau egin edo ez, baina lagunek animatu naute, eta gizonezkoena izan den esparru batean gu ere lan egiteko gai garela erakutsi nahi dut. Nik demostratu dut nire lankideen lan bera egiten dudala. Ikusarazi nahi dut eta ea jende gaztea bultzatzen dugun. Lan ezberdin bat izanagatik ere edozeinek egin ahal duela ikustea nahi dut. Noski, nahi duenarentzat eta gai denarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!