Lore koloretsuek bat egingo dute gauaren zuritasunarekin

Ataria 2022ko mai. 10a, 19:59

III. Tolosa Zuria Loretan jaialdiaren barruan, Gau Zuria, Lore eta Landare Azoka Berezia eta Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dituzte, ostiralean eta larunbatean

Pandemiaren ondorioz, bi urtez antolatu ezinik ibili ondoren, aurten bat egin dute Tolosako Udalak eta Topic museoak, elkarlanean, Tolosa Zuria Loretan jaialdiaren hirugarren edizioa antolatzeko; Museoen Nazioarteko Eguna, Gau Zuria eta Lore eta Landare azoka uztartuko dituzte. «Herria indarberritzen eta berezkoa duen dinamika, jarduera eta erreferentzialtasuna berreskuratzen ari da» adierazi du Xarles Iturbe Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak. «Azokei dagokienez, hilabete garrantzitsua izango da maiatza, eta eragin positiboa izango du hiri-ekonomia osatzen duten sektore guztiengan», esan du.

Hain justu, hiri-ekonomia mahaian sortutako ideia da Tolosa Zuria Loretan. Xabier Ormazabal Tolosako Ekinbide Etxeko ordezkariak esan duenez, «nahitaezko hitzordu» bilakatu da Topic-eko urteko jardueren artean. Txotxongiloen museoak bat egingo du ekimenarekin, eta hilaren 18an (asteazkena) ospatuko den Museoen Nazioarteko Eguna baliatuz, Gau Zuria egingo dute ostiralean.

Egitarau berezia antolatu dute datozen egunetarako, berrikuntza batekin: koktel zuria dastatzeko aukera izango da ostiral gauean, Bide-Bide jatetxean. Doakoa izango da, nahi duten guztientzat. Horrez gain, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte museoan, eta tartean, bisita gidatuak izango dira; ostiralean helduentzat, eta larunbatean familientzat. Biak ere, euskaraz eta gazteleraz egingo dituzte, eta familientzakoak bisita gidatu antzeztuak izango dira. Azkenik, larunbatean, Fotopic lehiaketako sariak banatuko dituzte, argazki erakusketa inauguratuz.

Lore erraldoia, erdigunean

Larunbatean, ohiko azokaz gain, Lore eta Landare Azoka Berezia ospatuko da Trianguloa plazan: lore landare, hazi eta barazki landareak erosteko aukera izango da, eta adituengandik, horiek landatzeko eta zaintzeko aholkuak jasotzeko aukera ere bai. Guztira, zazpi postu egongo dira: Zurlan, Sairu loreak, Murueta, La Arena, Guillen, Zunoyar eta Iñigo Azpiazu.

Azoka bereziaz gozatzeko aukeraz gain, Gipuzkoako Loradenden Elkartearen eskutik, Gaztelako Arkuan kokatuko den Hegan lore apaingarri erraldoia ikusteko aukera ere izango da. «Lore lehorrekin egindako 600 estola jarriko ditugu sabaitik zintzilik», azaldu du Gorka Arregi Arregi Loradendako ordezkariak eta elkarteko kideak.

Bestetik, San Isidro eguna igandean ospatuko bada ere, Lore eta Landare azoka berezia eta ohiko azoka baliatuko ditu udalak, horietan postuak jarriko dituzten baserritarrak eta ekoizleak omentzeko. «Festa giroan murgilduta, dantzariekin eta mokadutxoarekin, modu xumean eskertuko diegu urteko lana eta ahalegina», esan du Iturbek.

III. TOLOSA ZURIA LORETAN
  • Maiatzak 13, ostirala
    • 16:00-00:00. Ate irekiak, Topic-en. Helduentzako doako bisita gidatuak, euskaraz (20:00) eta gaztelaniaz (21:00). Aurrez eman behar da izena; gehienez, hamabost lagun taldeko.
    • 23:00. Koktel zuriaren dastaketa, Bide-bide jatetxearen eskutik.
  • Maiatzak 14, larunbata
    • 9:00. Lore eta Landare Azoka, Trianguloa plazan..
    • 10:00-14:00. Ate irekiak, Topic-en. Familientzako doako bisita gidatuak, euskaraz (11:30) eta gaztelaniaz (12:30). Aurrez eman behar da izena; gehienez, hogei lagun taldeko.
    • 10:30. San Isidro eguna dela eta, baserritar eta ekoizleei omenaldia.
    • 11:30. Musikeneko ikaslez osatutako Ashyma Quartet taldearen kontzertua, Topic-en. Sarrera: 5 euro.
    • 17:00. Fotopic lehiaketako argazki erakusketaren inaugurazioa eta sari banaketa, Topic-en.
    • 17:30. Familia-tailerra Topic-en: txotxongilo bat eraikitzeko aukera.
    • 18:30. Babel Teatro konpainiaren Beethoven ikuskizuna, Topic-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!