Tolosaldeko Txapelduna saria izango du aurten Tolosa Herria lehiaketak

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 10a, 09:43

Aurten aire librean jarriko dute erakusketa, aurreko edizioetan Kasino elkartean egon da ikusgai.

Targazki Tolosaldeko Argazkilari Elkarteak Tolosa Herria argazki lehiaketa antolatu du bederatzigarren aldiz. Argazkiak maiatzaren 29a baino lehen bidali behar dira eta aurtengoan ohiko sariez gain, Tolosaldeko Txapelduna saria banatuko dute.

Tolosa Herria argazki lehiaketa antolatu du Targazkik, beste urte batez, Tolosan argazkilaritzaren kultura areagotzeko asmoz eta "Tolosak oihartzuna izan dezan argazkilaritzaren munduan". Tolosako Udalaren eta Tolargiren laguntzari esker antolatzen du lehiaketa. Tolosa Herria lehiaketan puntuazio onena lortzen duten hiru argazkilari euskaldunek Argizaiola lehiaketan parte hartzeko aukera lortuko dute. Aurreko edizioetan bezala gaia librea da eta lanak digitalean aurkeztu behar dira maiatzaren 29a baino lehen. Dena den, oinarri guztiak Targazkiren webgunean ikusi daitezke, eta bertara igo behar dira argazkiak.

Lehiaketaren emaitza ekainaren 5ean jakinaraziko dute eta sari banaketa ekainaren 18an izango da. Aurten gainera, Tolosaldeko Txapelduna izeneko saria banatuko dute. Saria bere argazki multzoan puntu gehien lortu duen eskualdeko argazkilariak jasoko du. Ohi bezala, formatu handiko erakusketa bat osatuko dute ere eta bertan ikusi ahal izango dira lehiaketan parte hartu duten eta puntu gehien lortu dituzten lanak.

Gazteei begira

Targazkik esan du Tolosaldeko gazteei eskainitako atalarekin jarraitzen dutela. Irabazleak domina eta 100 euroko erosketa bonua jasoko du, eta bigarren eta hirugarrenak domina jasoko dute. Parte hartzea sustatzeko ikastaro bat antolatu dute 8 eta 16 urte arteko gazteentzat maiatzaren 21ean. Izena emateko targazki@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!