Elkarrizketa

«‘Buenos días’  eta dena! Ez zen hitz bakarra ere euskaraz eskolan»

Asier Imaz 2022ko mai. 10a, 11:59

En la escuela no tengo que hablar vasco esaldia mila aldiz kopiatu behar izan zuen Lontxo Zubeldia bedaiotarrak 1966an eskola zigor moduan; orduko Bedaio du gogoan.

Zer-nolako zigorrak izaten zenituzten eskolan?
Txarren-txarrena 16:00etan eskola bukatu eta batzuk etxera eta esaldiak kopiatzea tokatzen zitzaionari hantxe gelditu behar amaitu arte: En la escuela no tengo que hablar vasco. Lehengoan arrebarekin hizketan, bera bost urte gazteagoa da, eta berak ere idatzi behar izan zituela esan zidan. Denak emakumezko maistrak izaten genituen, gizonezkorik batere ez. Bi eskola izan genituen Bedaion, gaur egun biak itxita daude. Biak umez lepo beteta, garai hartan.

Nondik nora topatu duzu esaldien koadernoa orain?
Nik traste zaharrak txiki-txikitatik jasotzeko ohitura izan dut. Armairu zahar batean gordeta nuen koaderno hau, denborarekin seguru gehiago topatuko ditudala. Irakurtzen hasi eta galdetu nuen: «Oraingo umeek zigorrik izaten al dute eskolan?». Orduan, anaiari bidali nion koadernoaren argazkia eta hark udaletxeko zinegotzi bati eta hark Kike Amonarrizi... Hortik gero irratitik deika hasi zitzaizkidan elkarrizketa egiteko, eta hortik... soka. Telebistatik ere deitu didate, baina kamera aurrean ezta pentsatu ere!

Baimena eskatu al zizuten argazkia publikatzeko?
Bai noski, baina soka hau guztia ez nuen espero. Jakin izan banu agian ezezkoa! Ez gaude honetan ohituta. 14 urterekin eskola amaitu eta basora, mando zikin batzuekin, errepiderik  gabe... Desertu batean bezala bizi izan ginen. Hori bai, jolaserako lagunak eta izaten genituen, gaur ez dagoena.

Betidanik bedaiotarra?
Hori da. Eskolan hemen ibilitakoa. Eskoletako bat, gaur egungo elkartea dena, 1961ean eraiki zen eta aurretik beste baserri batean hasi ginen. Gaur egun ikurrina dago hortxe, garai batean bandera nazionala izaten zen. Egunero-egunero txandan-txandan bandera igo egin behar izaten genuen, maistrak aginduta. 

Nongoak ziren irakasleak?
Azkenengoa gasteiztarra, gazte samarra zen, 20 bat urte. Aurren-aurreneko Leongoa, denak castellanak izaten ziren. Guk dena euskaraz, nola hitz egingo genuen ba hemen! Maistrak goian bizi ziren, eskola gainean. Bandera igotzea eskatzen zigutenean ere tranpa egingo genuen... 

Nolakoak ziren zigorrak?
Klasea amaitu ondoren izaten ziren. Klase ordutan izan balira agian penarik ez! Hemen eliza ondoan frontoi txiki bat bazen; batzuk pilotan eta besteak hemen, zigorra idazten. 

Zergatik jarri zizuten zigorra?
Euskaraz hitz egiten genuelako eta harrapatu ninduelako euskaraz hitz egiten! Klasean dena gaztelaniaz izaten zen, maistra arbel ondoan jarrita, eta gu biko idazmahaietan eserita. 

Askotan esaten al zizueten euskaraz ez egiteko?
Beti! Hasieratik bagenekien. Buenos días eta dena! Ez zen hitz bakarra ere euskaraz. Debekatuta. Gaur hemen hitz egin dugunarekin, garai hartan honezkero guardia zibilen kuartelean egongo nintzateke. Herri txikia baina diktadura bazen.

Ulertzen al zenuten gaztelania?
Dena gaztelaniaz zen, eta guk jakin ez zer esan nahi zuen! Ezta memorizatzeko ere, diktaketak ere izaten ziren. Ni bost urterekin hasi nintzen eskolan eta gaitz erdi.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!