Espazio Lagunkoien lehen topaketa egingo dute ostiralean

Ataria 2022ko mai. 9a, 17:32

Tolosako ikasleek buru osasunaren inguruan egindako lanketari amaiera emango diote Inmakulada LH Ikastolan egingo duten topaketarekin.

Tolosako ikasleek buru osasunaren inguruan ikasturtean zehar egindako lanketari amaiera emateko, Espazio Lagunkoien lehen topaketa egingo dute maiatzaren 13an Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastolan. Tolosaldeko Lanbide Heziketako hainbat ikastetxek hartuko dute parte eta egitarau berezia antolatu dute egun horretarako.

Tolosako Udala, hainbat eragilerekin batera, parte hartzen ari den Ez zaude bakarrik proiektuaren barruan kokatzen da Espazio Lagunkoiak ekimena. Ez zaude bakarrik proiektua berria da eta pandemiak nerabeen buru osasunean izandako eragin negatiboaren ondorioz sortu da. Helburu nagusia da buru osasunaren zaintzan eta prebentzioan arreta jartzea, gazteen ongizatea bermatzeko.   

“Gazteak eta beren ongizatea erdigunean jarrita, gazteen beharrak ezagutu eta horiei entzutea lehentasunezkoa da guretzat, are gehiago egungo testuinguruan, non gizarte aldaketa sakonak gertatzen ari diren, digitalizazioa eta pandemia eta bere ondorioak tarteko.”  azpimarratu du Joseba Ormazabalek, Gazteria eta Komunitate eta Gobernantza sailetako zinegotziak. 

Bada, Tolosako ikasleen beharrak aztertu ondoren, Espazio Lagunkoiak abiarazi ziren, osasun mentalari dagozkion arazoen prebentzioa egiteko xedearekin. Espazio Lagunkoietan osasun mentalaren inguruko gaiak lantzen dira, eta ikasleek euren emozioak eta kezkak partekatzeko espazio seguruak dira. Osasun mentalaren inguruko ekintzak ere eramaten dira aurrera, esaterako, maiatzaren 13an egingo den Espazio Lagunkoien lehen topaketa.

Topaketa 10:00etan hasiko da, aurkezpenarekin. 10:15ean tailerrak izango dituzte. Ipuin kontaketa eta eskulanak, dantza eta yoga saioak, esperientzia tailerrak eta bertsolaritza saioa eta antzerki tailerra eta grafiti saioa. 11:45ean, berriz, Edurne Pasaban, Agustin Erkizia, Irantzu Tolosa eta Iratxe Etxenikeren hitzaldiak izango dira. Eta, amaitzeko, 12:30ean, kontzertua eta zumba saioa izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!