Ehun euskal eskultoreren lanak, Aranburu jauregian

Ataria 2022ko mai. 9a, 14:40

Ostiralean inauguratu zuten erakusketa.

Gaurko euskal eskultura erakusketa ibiltaria iritsi da Tolosara. Euskal Herriko eskultura erakusketa zabalena da eta ekainaren 4ra bitarte bisitatu daiteke Aranburu Jauregian. Erakusketarekin batera, hitzaldiak, bisita gidatua eta topaketa bat antolatu dituzte.

Ostiralean inauguratu zuten Aranburu Jauregiko erakusketa berria, Gaurko euskal eskultura. Euskal eskulturaren inguruan inoiz antolatu den erakusketarik zabalena dela esan du Tolosako Udalak 100 eskultore baino gehiagoren lanak biltzen baititu. Ekainaren 4ra bitarte bisitatu ahal da astelehenetik larunbatera 17:30etatik 20:30etara.

Eskulturaren inguruko jarduera bereziak

Erakusketarekin bat eginez, egitarau berezia antolatu du udalak Aranburun bertan, eskultura hizpide hartuta. Maiatzaren 11n Eskultura, gaur egun hitzaldia egongo da 19:00etan eta Koldobika Jauregik, Uxue Lasak eta Guillermo Olmok hartuko dute parte. Maiatzaren 20an, aldiz, bisita gidatua egingo dute erakusketan zehar, 19:00etan. Ekainaren 1ean Tolosa eta eskultura, Antxon Elosegiri omenaldia hitzaldia egongo da 19:00etan, Rikardo Ugarteren eskutik. Azkenik, ekainaren 4an sei eskultorerekin topaketa eta eztabaida saioa egingo dute 18:00etan, erakusketari amaiera emateko.

Tolosarren erakusketak

Gaurko euskal eskultura ez da Aranburu Jauregian dagoen erakusketa bakarra. Ekainaren 11ra bitarte Virginia Perales tolosarraren  Pintzelekin jolasean margolanen erakusketa ikusi ahal da.  Bestalde, udalak gogoratu du uztailaren 4ra arte Miren Gonzalez tolosarraren Ber erakusketa ere ikusi daitekeela Uztaritzeko tTok gunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!