Bueltan da okelaren festa

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 6a, 19:59

Maiatzaren 19tik 22ra, 'Haragi' Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketaren hirugarren edizioa ospatuko da Donostian eta Tolosan; aurten, aipamen berezia egingo die animalien ongizateari eta sektorearen jasangarritasunari.

Aurten, hirugarren aldiz ospatuko da Tolosan Haragi ekimena, Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketa. Maiatzaren 19tik 22ra bitarte izango da haragia maite dutenentzako jaialdia. Generoa, jatorria, kalitatea eta erretzeko teknikak izango dira aurtengo ardatz nagusiak, eta aipamen berezia egingo zaie animalien ongizateari eta sektorearen jasangarritasunari. Guztira, herrialde desberdinetatik etorriko diren 30 profesional eta aditu bilduko ditu aurtengo edizioak.

"Erretegi eta txuletak Tolosako DNAren parte dira, baita elikadura-katea osatzen duten sektoreak ere, estrategikoak direnak", nabarmendu du Olatz Peon alkateak. "Txuletaren festa gisa hasi zena nazioarteko topaketa bihurtu da, haragiaren festa izatetik haragiaren hiriburu izatera igaro da Tolosa, eta arrakasta izan du, festaren izaera herrikoiagatik ez ezik, herriko eragile sozialen inplikazio eta languntzagatik: erretegiak, elkarte gastronomikoak, sukaldariak, haragi-sektorea... horiek gabe Haragi ez litzateke posible izango", gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikagaien Industriako zuzendari Raul Perez Iratxetak haragiaren garrantzia nabarmendu du: “Euskadiko gastronomiaren bereizgarrietako bat da, baita gure abeltzaintza-sektorearen ezaugarri nagusienetako bat ere. Elikagai osasungarriak modu iraunkorrean ekoizten dituen sektorea da, familia-nekazaritza eredukoa, eta lurraldearen ingurumen-kudeaketa eta ekoizpen- eta paisaia-aniztasunaren zaintza errazten duena”.

Maiatzaren 19an, osteguna, emango diote hasiera aurtengo edizioari. Kongresu bat egingo dute Donostiako Basque Culinary Center gastronomia fakultatean. Profesionalei zuzendutako saioa izango da, eta puntako hizlariek hartuko dute parte. Hitzaldiak amaitu ondoren, horietan ateratako ondorioak elkarbanatzeko bazkaria egingo dute. “Topaketa honen bidez, berriro ere haragiaz eta parrillaz gozatu ez ezik, sektorea bera ere balioan jarriko dugu, oraingo honetan arreta berezia eskainiko baitiegu kalitateari, animalien ongizateari eta jasangarritasunari”, azaldu du Joxe Mari Aizega fakultateko zuzendariak.

Estatuko nahiz mundu mailako aditu eta sukaldariez gain, bertako gastronomiaren ordezkariek ere parte hartuko dute ekitaldian: Tolosako erretegietako parrilleroez gain, Alejandro Goya eta Carnicas Goya harategietako ordezkariak, Ama tabernako Gorka Rico eta Javi Rivero eta Amasako Hika txakolindegiko Roberto Ruiz bertan izango dira. Jada zabalik dago kongresura entzule modura joateko izen-emate epea; Haragi.eus webgunean eman daiteke izena. Behin kongresua amaituta, %100 Tolosa afaria izango da, 22:00etan, Casa Julian erretegian.

Autobus bat Foodtruck gunean

Ostiraletik aurrera, esperientziak bizitzeko txanda izango da Tolosan. Publiko herrikoiari eskainitako programazioa prestatu da, aurreko edizioetan egin izan den bezala. Hirugarren edizioa, baina, berrikuntzekin eta jaialdi formatuan dator, ekitaldia bera eta gastronomia belaunaldi berriei hurbiltzeko helburuarekin. Aurtengo berrikuntza nagusia Haragi Fest ekitaldia da. Zumarditxikian izango da: bertan Foodtruck gunea kokatuko dute asteburu osoan zehar, eta tartean, autobus bat ere egongo da.

Hilaren 20an, gainera, 13:00etan, sektoreko profesionalentzako bisita gidatua egingo dute, Hika txakolindegian; Gure lurraldea dastatzen ekimena izango da. 18:00etan, berriz, hasiera emango diote Haragi Fest ekitaldiari, zuzeneko musikarekin.

Larunbatean, 12:00etatik aurrera, mahaiaren bueltan dastaketa desberdinez gozatzeko aukera izango da Haragi Fest gunean. Aurrez, goizean, bertako eta nazioarteko parrilleroek haragia erretzeko beren teknikak erakutsiko dituzte Trianguloa plazan, gero pintxotan dastatzeko aukera eskainiz. Parrilla inklinatuaren teknika ikasteko espazio bat ere izango da, Sua izenekoa, Tolosako parrilleroen eskutik. Kozinatutakoa ere dastatu ahal izango da gero. Bi txanda izango dira goizean, eta saio bakoitzak 60 minutu inguru iraungo du. Sarrerak dagoeneko salgai daude aurrez aipatutako webgunean, 5 euroren truke.

Igandean emango diote amaiera aurtengo edizioari; 12:00etatik 16:00etara zabalik egongo da Haragi Fest gunea, eta 13:30ean hasita, Haragi menua dastatzeko aukera izango da Tolosako erretegietan.

Izen-emateak eta sarrerak

Ekitaldiaren gune guztiak irekiak izango dira eta jakiak edo edariak hartzeko txartelak lekuan bertan erosi beharko dira. Sua Espaziora joateko soilik erosi beharko da sarrera aurrez, eta Basque Culinary Centerreko kongresura joan nahi duenak ere izena eman beharko du. Programazio osoa eta Haragiri buruzko informazio gehiago Haragi.eus webgunean.

 

HARAGI 2022 EGITARAUA

  • Maiatzak 19, osteguna
    • 9:15. Haragi kongresua Basque Culinary Center fakultatean.
      • 9:15. Agurra: Joxe Mari Aizega, Bittor Oroz eta Olatz Peon.
      • 9:30. Animalien ongizateari buruzko egia: Daniel Cochón (A Bandeira) Javier Blanco (animalien elikaduran aditua) Mikel Zeberio (gastronomoa).
      • 10:00. Ordena naturala berregitea, abeltzaintza birsortzailea: Pablo Rivero (Parrilla Don Julio, Buenos Aires).
      • 10:30. Tolosa: ekosistema bakar bat: Xabier Gorrotxategi (Casa Julián) Javi Rivero (Ama) Miguel Cruz (Carnicería Alejandro Goya) Joxean Goya (Goya).
      • 11:00. Atsedena.
      • 11:30. Suarekin kozinatzen: Florencia Abella (Eksdet, Estokolmo).
      • 12:00. Haragia eta natura: Luis Lera (Restaurante Lera) Edorta Lamo (Arrea!) Roberto Ruiz (Hika).
      • 12:30. Arraza historikoen inguruan: Manuel Quintana (Tudanca arrazako behien hazlea) Juanma Inxaurrandieta (Intia, Betizu arraza) Mikel Nazabal (Intia, Betizu arraza).
      • 13:00. Sektorearen etorkizuna irudikatzeko bi proiektu: Javier Pagalday (Baserria Km0): animalientzako elikadurari buruz egindako azterlan baten aurkezpena Jose Gordoon (Bodega El Capricho): sukaldaritzaren etorkizuna haragiaren sektorean.
      • 14:00. Bazkaria, aurkezpenarekin (gonbidatuentzat): Jon Ayala (Laia Erretegia) Txema Llamosas (Casa Garras) Rodrigo Garcia Fonseca (Kea Fine Food) Alberto eta Jorge Guijarro (La Brasería de Cuéllar).
    • 22:00. %100 Tolosa Afaria, Casa Julian erretegian.
  • Maiatzak 20, ostirala
    • 13:00. Gure lurraldea dastatzen ekimena, Hika txakolindegian.
    • 18:00-00:00. Haragi Fest ekitaldia, Zumarditxikian. FoodTruck gunea: Ama, Goya, Barriola, Ekotalo eta Basquetruck.
    • 19:00. Musika zuzenean: Mambo Fango vs. Global Funk DJak.
  • Maiatzak 21, larunbata
    • 11:00. Errekien dastaketa, Trianguloa plazan. Bertako eta nazioarteko parrilleroek euren haragia erretzeko teknikak erakutsiko dizkigute Tolosako Trianguloan. Ondoren, erreki hauek dastatzeko aukera egongo da. Bertaratuko diren sukaldariak: Florencia Abella (Eksdet, Estokolmo), Pablo Rivero (Parrilla Don Julio, Buenos Aires) eta Txomin Parrilla (Euskal Herria).
    • 10:30. Sua espazioa, Trianguloa plazan. Tolosako txuleta tradizionala erretzeko teknika ikasteko esperientzia gastronomikoa, bertako parrilleroen eskutik. Mozketa teknikak, brasa pizteko modua eta txuleta erretzeko gako nagusiak irakatsiko dira. Ondoren, dastaketa. Iraupena: 60 minutu (2 txanda daude). Prezioa: 5 euro.
    • 12:00-00:00. Haragi Fest, Zumarditxikian. FoodTruck gunea: Ama, Goya, Barriola, Ekotalo eta Basquetruck. Musika zuzenean: 12:00etan, Deñe; 15:00etan, Filipe Bittencourt; 20:00etan, Mugan; eta 22:00etan, Moonshine Wagon.      
  • Maiatzak 22, igandea
    • 12:00-16:00. Haragi Fest, Zumarditxikian. FoodTruck gunea: Ama, Goya, Barriola, Ekotalo eta Basquetruck. Musika zuzenean: 12:00etan, DJ Makala.
    • 13:30. 'Haragi' menua, Tolosako erretegietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!