Tolosako Ekinbide Etxeak kontzertu ziklo bat antolatu du Musikenerekin lankidetzan

Ataria 2022ko mai. 6a, 14:12

Bihar hasita, maiatzeko larunbatetan, kontzertu bana eskainiko dute Musikeneko zenbait ikaslek; 11:30ean izango dira saioak, Topic-en.

Tolosako Ekinbide Etxeak, Musikenerekin lankidetzan, formatu txikiko lau kontzertu antolatu ditu maiatzeko larunbat guztietarako, Maiatzeko Doinuak izenburupean. Topic-en izango dira, 11:30ean. Horrela, Tolosako Ekinbide Etxeak jarduera berri bati atea ireki dio, bere jarduera-esparrua zabaltzeko.

Musikenen 5 master ofizial daude eta horietako bat interpretazio klasikoa da. Bertako ikasleek garatzen duten ikasketa-planaren barruan, kanpoko proiektua izeneko ikasgai bat dago, non kontzertu bat edo gehiago sortu behar duten. “Ziklo honetan parte hartuko duten taldeak interpretazio klasikoko masterreko ikasle guztiak dira, eta publikoarentzat interes berezia duten proiektuak sortzen dituzte. Kasu honetan, lau kontzertu sortu dira, estilo desberdinetakoak eta talde desberdinetakoak", azaldu dute Musikeneko ordezkariek.

Larunbatean, hilak 7, hasiko da zikloa. Manuel Madamasek eta Víctor Vigok osatutako Mavik Mila tronpeta eta akordeoi bikoteak, Albinoni, Scarlatti eta Piazzollaren lanak eskainiko dituzte, besteak beste.

Hurrengo hitzordua, hilaren 14an izango da: Marta Judith Angulo saxofoi-jotzaileak, Teresa Castañon eta Leticia del Monte klarinete-jotzaileek eta Narayan Rishi saxofoi-jotzaileak eskainiko dute kontzertua. Bere errepertorioa Singelee, Marquez, Iturralde eta Romeroren obretan oinarrituko da.

Hilaren 21ean, Sergio Bolaños biolin-jotzailea, Teresa Castañon klarinete-jotzailea eta Raquel Fernández piano-jotzailea ariko dira Bartok, Milhaud eta Khachaturianen piezak interpretatzen.

Ensemble Bidaiak taldeak itxiko du zikloa, maiatzaren 28an. Olivia Fernandez eta Dario Muñoz biolin-jotzaileek, Eloise Fagalde biolontxelo-jotzaileak eta Hiram Vega piano-jotzaileak, Mozart, Beethoven eta Berioten lanak interpretatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!