Dirulaguntza deialdi bateratua abiarazi du Tolosako Udalak

Ataria 2022ko mai. 6a, 10:12

Hemeretzi dirulaguntza lerro argitaratu berri ditu, herritarrei, taldeei eta eragileei haien jardueretan laguntzeko helburuarekin; dagoeneko egin daitezke eskaerak.

Tolosako Udalak iaz argitaratu zituen diru laguntza guztiak batera lehen aldiz, bi helbururekin: herritarrei dirulaguntza bat eskatzeko prozedura errazteko eta barne kudeaketa eraginkorragoa izateko. Aurten ere, diru laguntza deialdi bateratua abiarazi berri du.

Guztira hemeretzi diru laguntza lerro jarri ditu abian, Tolosako herritarrei, taldeei eta eragileei haien jardueretan laguntzeko helburuarekin. Honakoak dira deialdian jasotzen diren laguntzak: kultura arloko diru laguntzak, emakume eta berdintasunerako laguntzak, euskara arlokoak, kirol arlokoak, gizarte zerbitzuetako diru laguntzak, enpresen lehiakortasunaren arlokoak eta gazteria arloko diru laguntzak.

Azken hauek elkarteei zein norbanakoei zuzenduta daude, eta laguntzen helburua da Tolosako gazteen berezko sormen ekimenak sustatzea, udalerriko bizitza sozial eta kulturala aberasteko. Gazteek esperimentatzeko aukera izatea eta proiektu propioak garatuz ikastea bultzatu nahi du udalak. Hala, lerro honi lotutako laguntzak 30 urte arteko tolosarrek eskatu ditzakete. Gutxienez bi pertsonako taldeak izan behar dira, baina ez dute zertan elkarte bezala eratuta egon behar.

Hiri-ekonomia indarberritzeko laguntzak

Hiri-ekonomia indarberritzeko diru laguntzetan, hiru laguntza lerro nagusi daude: Berriz laguntza programa Tolosako saltokietan belaunaldi aldaketa eta negozioen eskualdaketa bermatzeko, Ekin programa enpresa ekimen bat abiarazten laguntzeko eta, azkenik, Gune Biziak ekimena, merkataritzako eremuak erakargarri eta atseginak egin eta kale-espazio eta lokal hutsak dinamizatzeko udalak sustatuko dituen ekintzei dagokiena.

Eskaerak egiteko epea zabalik

Diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago eta esteka honetan eskuratu daiteke informazio guztia: diru laguntza bakoitza eskatzeko epealdia eta jarraitu beharreko araudia, zein helburu dituen, nori bideratzen zaion, zenbateko laguntza jaso dezakeen, bete beharreko baldintzak eta abar.

Informazio gehiagorako edo izapide elektronikoak egiteko laguntza jasotzeko, KZgunea herritarren zerbitzura dago, eta dagokion departamentuarekin ere jarri daiteke harremanetan, 010 edo 943 65 44 66 telefono zenbakietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!