Bi saio ireki, udal liburutegi berriaren inguruko ekarpenak egiteko

Ataria 2022ko maiatzaren 5a

Udala hainbat eragilerekin elkartu da haien beharrak ezagutzeko eta proiektuan txertatzeko, eta orain tolosarren ekarpenak jasoko ditu. Maiatzaren 12an eta ekainaren 6an izango dira saioak, 18:00etan hasita, kultur etxean.

Herritarrei eskainitako zerbitzuak hobetzen jarraitzeko helburuarekin, joan den legealdian, eraikin-sozio-kulturalen inguruko azterketa sakona egin zuen Tolosako Udalak. Azterketa horren ondotik, eta bertan atzemandako beharrak eta lehentasunak kontuan izanda, kultur etxea eraberritzeko proiektuaren idazketa abiarazi zuen iaz, etorkizunean udal liburutegi berria bertan kokatzeko. Horrek, zerbitzuen eta udal-eraikin eta espazioen berregituraketa ekarriko du.

Proiektu honen garapenean eta diseinuan tolosarren iritzia kontuan izatea garrantzitsua da udalarentzat, azken finean, tolosarrek erabiliko dutelako azpiegitura berria. "Gainera, erabilera handiko erreferentziazko espazioa da kultur etxea; horregatik, ezinbestekoa da tolosarren parte hartzea liburutegi berriaren eredua zehazteko", adierazi dute udaletik.

Dagoeneko udala elkartu da hainbat eragilerekin proiektua lantzeko. Batetik, aniztasun funtzionala duten pertsonen ikuspegiak eta beharrak entzun ditu proiektuan txertatzeko. Bestetik, hiru ikastetxeetako ordezkariekin, irakasleekin eta gurasoekin, eta gazteria saileko teknikariarekin ere bildu da, baita adineko pertsonen elkarteetako kideekin ere.

Aurre lanketa fase hori amaituta, bi saio ireki egingo dituzte, maiatzaren 12an eta ekainaren 6an, espazioaren diseinurako herritarren beharrak, iritziak, ekarpenak eta proposamenak entzun eta jasotzeko. . Biak ere, kultur etxean izango dira, 18:00etatik 19:30eara, eta prozesu parte hartzailea dinamizatzeko, Hiritik at enpresaren laguntza izango du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!