Laugarren izan dira TAK-eko kadete neskak Espainiako Txapelketan

Ataria 2022ko maiatzaren 5a

Tolosaldea Arraun Klubeko (TAK) kadete neskek laugarren postua eskuratu dute batelen Espainiako Txapelketan. Uxue Lizeaga, Ihintza Eizagirre, Amal Birawi eta Inge Goenaga arraunlariek eta Maddi Balerdi patroiak osatu dute batela.

Pasaian jokatu zen asteburuan txapelketa. Larunbatean kanporaketak jokatu ziren eta beraien txandan bigarren postua lortu zuten eskualdekoek, finalera sailkatuz. Guztira bost batelek parte hartu zuten finalean eta laugarren postua gutxigatik lortu zuten TAKekoek, bosgarren izan zen Hernaniri 39 ehunenekorengatik irabazi baitzieten.

Euskadiko Txapelketan bigarren izanik lortu zuten Espainiako Txapelketarako sailkatzea, eta klubetik batel bakarra izan da lorpen hori eskuratzen. «Denboraldia joan den moduan ikusita, ez genuen espero Espainiako Txapelketara iristea, eta gainera laugarren postuan geratzea», esan du Manex Balerdi kadete nesken entrenatzaileak. «Urte txarra izan da arraunlarientzat eta klubarentzat, ezin izan dugulako entrenatu Oria ibaian». Espainiako Txapelketan «esperientziaz disfrutatzea» izan da helburua eta «oso pozik» geratu dira finalerako sailkatu ahal izan zirelako.

Txapelketen denboraldi ofiziala bukatu da TAK-eko batelentzat, baina beste bi estropadatan parte hartuko dute. Horietako bat Lapuebla de Labarcan izango da, eta bestea Pasaian. Azken honetan batel mistoek parte hartuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!