Tolosa CF-ko gimnastak, Espainiako Kopan txapeldun

Ataria 2022ko maiatzaren 5a

Tolosa CF-ko lehen mailako gimnastek urrezko domina lortu dute Santanderren egin den Espainiako Taldekako Kopako I. Fasean, asteburuan. «Denboraldia gogoz hartu dute gimnastika erritmikoko taldeko gimnastek. Normaltasunean lanean aritzeko gogoz dira, eta horrela erakutsi dute», esan dute klubetik. Bost uztaiekin prestatutako ariketa egin zuten.

EAEko lehen mailako ordezkari bakarrak izateaz gain, gorengo mailako txapelketa irekitzeko ardura izan zuten. Mara Herrera, Aitane Goikoetxea, Ismene Agirre, Ane Alustiza eta Irene Arbeloa «bikain» aritu ziren, eta «tapizean gozatzeaz gain, ikusleak hunkitzea lortu zuten», azaldu dute klubetik. 25,050eko notarekin, beste talde guztien lanaren emaitzari itxarotea egokitu zitzaien. Nafarroako Alaia taldeak itxi zuen txapelketa, eta 23.500 punturekin tolosar nesken atzean kokatu ziren.

Klubetik gimnastak eta entrenatzaileak zoriondu dituzte, «une zailetan ere aurrera egiteagatik». Lortutako garaipena gimnasta, entrenatzaile, familia eta klubarentzat "bultzada paregabea" dela gaineratu dute. Bestalde, aipamen berezia egin diete klubeko babesle guztiei, "beraien laguntza ezinbestekoa" dela esanez: Valvulas CMO, Pulidos Leunlan, Garaje Tolosa, Mecanizados Garmendiola eta Udarko Promo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!