Elkarrizketa

«Ez da ohiko errezitaldi bat izango, antzerki obra baten itxura izango du»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 5a, 11:59

Ismael Serranok, 'Seremos' bere azken diskoa aurkeztuko du bihar, Tolosako Leidor aretoan; 20:30ean hasiko da kontzertua, eta musikari madrildarrak aurreratu duenez, «bidaia musikal bat» izango da.

Argentinatik etorri berri, eta oraindik ordu aldaketara egokitu gabe harrapatu du ATARIAK Ismael Serrano (Madril, 1974) abeslari eta musikagilea. Datozen kontzertuetarako, ordea, «gogo eta ilusio handiarekin» dagoela aitortu du. Bihar, Leidor aretoan eskainiko du saioa, 20:30ean hasita.

Zer moduz Argentina aldean?

Emozio handiko esperientzia izan da. Bi urte eta erdi baino gehiago neramatzan han izan gabe, eta lagun ugari ditut bertan; familia zati handi bat ere bertan dago, nire bikotekidea Buenos Aireskoa baita. Nire bizitzaren eta musika ibilbidearen zati handi bat igaro dut bertan. Ondorioz, hunkigarria izan da berriro elkar ikustea.

Datozen hamar egunetan, hiru kontzertu eskainiko dituzu. Indarberrituta al zaude?

[Barreak] Bai, bai. Espero dut biharko kontzerturako nekea gainditzea eta atseden hartuta egotea. Amerikara egiten ditugun bidaietan, ordutegi aldaketetara egokitzea izaten da zailena.

Esaten dutenez, Euskal Herrian, publikoa kritikoa izaten da. Hala iruditzen zaizu?

Ez nuke jakingo deskribatzen, baina egia da nirekin oso eskuzabala izan dela. Duela 25 urte baino gehiago hasi nintzen hemen (Madrilen) formatu txikiko kontzertuak eskaintzen, kafetegi edota tabernetan; estatuko gainerako tokietan ere hala aritzen nintzen. Gerora, areto handiagoetara egin nuen jauzi, baita Euskal Herrian ere, eta bertan eskainitako kontzertuetako oroitzapen oso onak ditut. Kritikoa baino gehiago, zorrotza dela esango nuke, eta kontzertuak aurrera egin ahala nabari da hori.

Bihar, Tolosan ariko zara. Nolako kontzertua eskainiko duzu bertan?

Ez da ohiko errezitaldi bat izango; antzerki obra baten itxura handia izango du. Errepertorioa aintzat hartuta, kontakizun bat eraikiko dut, oso gustuko baitut publikoari istorioak kontatzea, ez soilik abestiak kantatzean, baita abesti bat beste batekin lotzeko trama bilatzerakoan ere. Istorio horren barruan, nire diskografiaren ibilbide bat egingo dut, nire kantuek egin duten bidaia kontatuz. Bizitakoaren, irabazitakoaren eta galdutakoaren errepaso bat izango da. Hori dela eta, lagunarteko formatua eramango dut oholtza gainera: piano-jotzaile bat eta biolontxelo-jotzaile bat ariko dira nirekin, eta kazetari batekin sortutako elkarrizketa baten zatiak entzun ahal izango dira off-eko ahotsean.

Tartean, zure azken diskoa, iaz argitaratu zenuena, aurkeztuko duzu. Nolako diskoa da 'Seremos'?

Kantuek duten etorkizuneko bokazioari egiten dio erreferentzia izenak. Diskoko kantu gehienak ziurgabetasun handiarekin idatzi nituen, pandemia garaian sortu nituelako. Hala ere, normaltasuna berreskuratuko genuenaren segurtasunarekin bat egiteko balio izan zidaten abestiek, etorkizuneko planak egin genitzakeela sinesteko, alegia. Inoiz bizi izan gabeko unerik ilunenean, bide bat marraz- tu ahal izan nuen argitasunerantz.

Kantugilearen figura ere oso garrantzitsua da disko honetan. Galdera guztien erantzunak ditudala uste dut, baina benetan, ez dakit ezer, eta ez naiz jabetzen erantzunak baino galdera gehiago dituela. Askotan, baina, garrantzitsuagoak dira galderak, jakin-nahia izatea oso aberasgarria delako.

Zergatik izendatu duzu pluralean? Kolektibo jakin bati egiten dio erreferentzia?

Gu-ari egiten dio erreferentzia, gizarteari orokorrean. Nire ustez, kantuak idaztean, jada ez diogu horri erreparatzen, eta errealitatetik ihes egin nahi izaten dugu, norbere zilborrari begiratuz. Gu horri buruz hitz egiten duten kantuak falta direla iruditzen zait. Joan Manuel Serrat, adibidez, Mediterraneo edo Pueblo blanco kantuetan, gutaz ari da. Nik ere antzeko zerbait egin nahi izan dut, beharrezkoa iruditzen zaidalako elkarbanatzen ditugun gauzei buruz hitz egitea.

Ia beti, abestiek iraganaz hitz egiten duten arren, badira etorkizunera begirako doinuak. Disko honek begirada hori partekatzen du. Zentzu horretan, diskoko Soltar kantua esanguratsua da, aurrera egiteko eta ikasteko gaitasunaz hitz egiten duelako.

Zuk diozunagatik, deskubrimenduz beteriko bidaia bat ere bada. Zergatik?

Abeslariontzat beharrezkoa izaten da ispiluaren aurrean jarri eta gure kontraesanak zeintzuk diren ikustea. Ohartzen gara ez garela ziurtasun guztien jabe, eta burua zalantzaz beteta izaten dugula. Ariketa hori egitea osasuntsua da, eta beraz, gauza ugari deskubritu ditut. Musika ezinbestekoa da niretzat, baina ez da bizitzako gauzarik garrantzitsuena. Gauza horiez jabetu eta naturaltasunez onartu behar dira.

Erraza izan da Pablo Alboran, Clara Alvarado, Ede, Litus eta Jimena Ruz artistekin kolaboratzea?

Oso erraza. Kantuak idazten eta moldaketak egiten ari nintzela, haien ahotsak irudikatzen nituen kantu jakin batzuk abesten, gaiagatik eta tonuagatik. Hortaz, beraiekin kontaktuan jarri eta nire diskoaren parte izatea proposatu nien, naturaltasun osoz.

2014an argitaratu zenuen aurreko diskoa. Zer dela eta igaro dituzu horrenbeste urte lanik argitaratu gabe?

Bestelako proiektu batzuetan aritu naiz. Tartean, bi disko argitaratu nituen, 2017an eta 2018an, baina zuzeneko kontzertuetatik abiatuta. Bestela, haurrentzako musika egiten, ipuinak idazten, eta antzerki obrak sortzen aritu naiz. Bide berriak ikertu nahi nituen, istorioak kontatzeko beste modu batzuk deskubrituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!