Redline Mekanika TAKE mailaz igo daiteke larunbatean

Ataria 2022ko mai. 5a, 11:57

Igoera faseko ligaxkaren azken partida jokatuko du gizonezkoen saskibaloi taldeak Atletico San Sebastianen aurka.

Redline Mekanika TAKE larunbatean bigarren aldiz igo daiteke EBA ligara. Gizonezkoen saskibaloi talde nagusiak igoera faseko ligaxkaren azken partida jokatuko du, Donostiako Aiete kiroldegian, Atletico San Sebastian taldearen aurka. Larunbatean izango da partida, 18:00etan hasita. Igoera faseko lehen sailkatuak zuzenean lortuko du igoera, eta azken partidaren faltan, hiru talde daude lehen postuan. Redline Mekanika TAKE da horietako bat, eta beste biak Bilbao Basket eta Tecnun-Askatuak dira.

Larunbateko jardunaldia bukatuta lehen postuan berdinketa izanez gero, berdinduta dauden taldeen arteko partiden emaitzak kontuan hartzen dira. Beraz, hiru taldeek dituzte aukerak zuzeneko igoera lortzeko. Tolosako taldearentzat konbinazio errazena beraien partida irabaztea da, eta Tecnun-Askatuak Arrasaten jokatuko duena galtzea. «Berdinduta gauden hiru taldeetatik inork ez du ziurtatuta lehen postuan geratzea azken partida irabazi arren. Hirurok beste partidetan gertatzen denari begiratu beharko diogu», esan du Goar Artxetxe Redline Mekanika TAKEko entrenatzaileak.

Lehen postu horretan geratu ez arren, beste aukera bat izango du TAKEk igoera lortzeko. Izan ere, bigarrenetik bosgarrenerako postuetan geratzen direnak hurrengo asteburuan lauko finala jokatuko dute. «Lehen postua ez badugu lortzen, bigarrena izatea gustatuko litzaiguke, lauko finala bigarrenaren kantxan jokatuko baita», azaldu du Artetxek. Igoera fase bikaina jokatzen ari da Tolosako taldea, orain arteko zazpi partidetatik sei irabazi baititu. Ea larunbatean zazpigarrena lortzen duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!