Koaderno baten atzean dagoen historia

Ataria 2022ko mai. 4a, 19:49

1966. urtean eskolan euskaraz hitz egiteko debekua erakusten duen irudiak oihartzun handia izan du sare sozialetan.

Oihartzun handia, «espero baino handiagoa», izan du Kike Amonarriz Topaguneko eta Galtzaundiko lehendakariak azken egunetan sare sozialetan zabaldutako mezuak. «Hamar bat urte daramatzat Twitterren, eta txio hau izan da erantzun handiena izan duena, egun eta erdian 400.000 ikustaldira iritsi baita». En la escuela no tengo que hablar vasco esaldia mila aldiz kopiatu beharra izan zuen zigor moduan bedaiotar batek 1966an, eta hori ikusten den argazkia da tolosarrak txiokatu berri duena ondorengo mezuarekin lagunduta: «Garai hartan auzoan ia inork ez zekien erdaraz, baina esaldia, zigor gisa, 1.000 aldiz kopiatu behar izan zuen 12 urteko ikasleak».

Amonarrizek azaldu duenez, «Euskal Herrian bezala, Katalunian, Galizian, Asturiasen edo Bretainian jasandako hizkuntza jazarpen egoerak ere islatzen ditu txioak, eta horregatik oso identifikatuta sentitu da jende asko». Hori da, hain justu, mezuak izandako oihartzun zabaletik nabarmendu duena, «horrelako sentipen baten atzean zenbat historia ezkutu dagoen».

Irakurri dituen erantzunetatik jende asko harritu ere egin dela nabaritu duela esan du: «Gure historia ezagutarazteko ere balio izan du beraz».

Tolosarrak kontatu du iragan asteburuan aurkitu zuela egileak argazkian agertzen den koadernoa. «Beste hainbat testulibururekin batera aurkitu zuten; koadernoa zabaldu zutenean argazkiko irudia agertu zitzaien, eta orduan oroitu zuten horrelakoak gertatu izan zitzaizkiela». Hala, hori zabaldu egin behar zela pentsatu zuten, eta argazkia atera eta lagun batzuei bidali zieten. Horietako lagun baten bitartez iritsi zitzaion Amonarrizi argazkia.

Koadernoaren atzean dagoen historia ezagutaraztea garrantzitsua iruditu zaio tolosarrari. «Galtzaunditik ere ikusi dugu pieza oso inportantea dela garai hartan euskarak jasan zuen jazarpena erakusteko eta Haritz Azurmendi idazten ari den Tolosaldeko Euskararen Historia sozialean ere bere lekua eman nahi diogu».

Kike Amonarrizek esan du koaderno horri esker ikusi ahal direla gerra osteko egoera horiek, eta gogoratu du «hizkuntzaren aurkako jazarpenak eta gaztelaniaren inposaketak» ekarri gaituela egungo egoera soziolinguistikora. «Hizkuntzaren normalizazio prozesua prozesu demokratikoa eta justiziazkoa da, gertatu dena ez delako modu naturalean gertatu. Historikoki egin den kaltearen ordain gisa ere planteatu daiteke, beraz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!