Emaitza onak lortu dituzte judokek Espainiakoan

Ataria 2022ko mai. 4a, 11:12

Goian, Saralegi, Etxarri eta Joseba eta Unai Regillaga.


Regillaga-Etxarri bikotea bigarren izan da eta Saralegi-Regillaga hirugarren; Pablo Etxartek brontzezko domina lortu du beteranoen txapelketan.

Espainiako kata txapelketak hartu ditu asteburuan Iruñeak, eta Judo Klub Tolosak parte hartu du bertan. Hain justu, eskola mailako eta beteranoen txapelketak izan dira, eta maila ona erakutsi dute eskualdeko judokek. 

Ostiralean, klubeko bi bikote lehiatu ziren Unai Saralegui-Unai Regillaga eta Joseba Regillaga-Joseba Etxarri. Nage no Kata modalitatean hartu zuten parte, lehen bikoteak maila absolutuan eta bigarrena bikoteak junior mailakoan. Regillaga-Etxarri bikoteak lehen aldia zuen Espainiako txapelketa batean Nage no Katako bost multzoak egiten, eta adin kategoria berria zen beraientzat. Klubetik esan dutenez, «nerbioak kontrolpean mantendu zituzten kataren lehen hiru multzoetan baina tamalez azken bietan, tatamia irristakor egoteagatik, ezin izan zuten nahi bezain gustura bukatu», eta bigarren postua lortu zuten, lehen postutik nahiko gertu eta» modalitate honetan zeresana emateko gai direla erakutsiz».
Saralegi-Regillaga bikotea, berriz, iazko txapeldun bezala iritsi zen Iruñera. Brontzezko domina lortu zuten, «nahiz eta egindako lanak emaitza hobea merezi». Atzera begiratzeko astirik gabe klubeko bikotea buru belarri jarri da maiatzaren 14an Kroazian jokatuko den Europako Txapelketa prestatzen.

Bestalde, larunbatean Ioar Olano izan zen klubeko ordezkari kadeteen 50 kiloz azpiko kategorian. Oso bide onetik hasi zuen txapelketa lehen borrokan, baina bigarrenean ondo hasi bazen ere, galdu egin zuen. Bigarren aukeran ezin izan zuen Madrilgo aurkaria irabazi. Klubetik adierazi dutenez, «oso txapelketa ona eta serioa» burutu du judoka gazteak.

Igandean, berriz, beteranoen txanda izan zen. Txapelketa horretan, 30 urtetik gorakoek har dezakete parte, eta pisuen arabera bereizteaz gain adinez ere bereizten dira kategoria desberdinak. Klubeko Pablo Etxartek 66 kiloz azpiko M4 mailan hartu zuen parte. Lehen borroka galdu egin zuen, eta bigarren borroka, oso konplikatua izan bazen ere, aurrera ateratzeko gai izan zen, Espainiako Txapelketako Brontzezko domina lortuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!