Laugarren egin du Irati Lakunzak Munduko Kopan

Ataria 2022ko maiatzaren 3a

Igarondo Urpekoak taldeko kideak Jose Luis Ariño oroimenezkoan.

Igarondo Urpekoak taldeko hegats igerilariak hainbat lehiaketetan murgilduta izan dira azken astean. Irati Lakunzak Leipzigen (Alemania) hasi zuen astea Munduko Kopako hirugarren jardunaldian. Han mundu guztiko 500 igerilari elkartu ziren.

Lakunzak bere markak egin zituen 400 metro ur azalean laugarren postua lortuz eta 200 metro ur azalean bederatzigarren eginez. Hurrengo astean dauka lehenengo egonaldia Espainiako selekzioarekin Kolonbiako Munduko Txapelketari begira.

Bestalde, asteburu honetan Jose Luis Ariño oroimenezkoa egin da estatu guztiko igerilariekin, eta bertara Igarondo Urpekoak taldetik hamar kide joan dira. Lakunzak 200 eta 400 metro ur azaleko probak irabazi ditu, estatu mailan nagusi dela erakutsiz, eta Alemanian lortutako markak berdinduz. Beste taldekideei dagokienez, Haizea Izagirrek, Unai Erasok eta Jone Gorostidik 200 metro ur gaineko proban parte hartu zuten; Maite Gibelalde, Garazi Goenaga eta Gregorio Manzisidor 100 metro murgilaldian; Sara Goenaga, Patxi Monge eta Nora Sarasola 50 metro ur azalean eta Araitz Auzmendi 100 metro ur azalekoan. Jon Espina entrenatzailea ere bertan izan da.

Horrez gain, igandean Hondarribian bukatu zen LII. Bidasoako Jaitsieran Jesus Mari Pemanek garaipena lortu zuen, Angel Rochas seigarren izan zen eta Mikel Esteban zortzigarren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!