Gnat zinemaldia Tolosan

Ataria 2022ko mai. 3a, 16:59

'Animal' dokumentalaren irudi bat.

Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinemaren II. Erakustaldiak bi estreinaldi egingo ditu Tolosan; maiatzaren 11n Salvajes ikusi ahal izango da Leidorren eta hilaren 20an Animal Topic-en.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren II. Erakustaldia antolatu du maiatzaren 10etik 20ra bitartean Gipuzkoako bederatzi udalerritan, eta tartean da Tolosa. Naturaldiaren barruko ekimena da Gnat zinemaldia eta bi filma estreinatuko dira jaialdiaren barruan Tolosan. Maiatzaren 11n Salvajes ikusi ahalko da Leidorren eta maiatzaren 20an  Animal Topic zentroan.

Salvajes Nunatak Producciones eta Wanda Films ekoiztetxeen lana da eta Alex Galan asturiarrak zuzendu du. Gizakiaren eta otsoaren arteko gatazka soziala islatzen duen dokumentala da eta  zehazki Asturiasko mendietan grabatu zuten. Western bat gogorarazten duen formatua duen lana da. Emanaldia Leidorren izango da eta filma eta ondorengo solasaldia Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Alex Galán zuzendariak eta Jose María Morales ekoizleak egingo dute. 

Animal lana Cyril Dion zuzendariarena da eta dokumental onenaren Cesar saria jaso zuen 2016an. Bi gaztek espezieen biodibertsitatearen galerara egindako ulermen bidaia kontatzen du. Maiatzaren 20an ikusi ahal izango da Topic-en, eta horrekin amaitutzat emango dute aurtengo zinemaldia. Filmaren ondotik solasaldia egingo dute Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Jon Kareaga eta Judith Astigarraga aktibista klimatiko gipuzkoarrek.

Gnat zinemaldiko saioak doakoak izango dira eta bertaratu ahal izateko egoitza bakoitzaren ohiko bideak erabili behar dira edota esteka honen bidez eskatu.

Zinemaldia gaur aurkeztu dute eta Jose Ignacio Asensio diputatuak esan du zinema erakusketa honen helburua dela gertuen dagoen naturaren kalitatea zabaltzea, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz. "Hamarkada erabakigarri batean gaude aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko, eta garaia da ingurumenarekiko sentsibilizazioa berpizteko eta gure gizartea irizpide iraunkorren arabera berreraikitzeko kontzientzia kolektiboa indartzeko". Zinemaldiak meditaziora gonbidatuko ditu herritarrak Asensioren iritziz eta baita "errealitateaz jabetzera eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera" ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!