Amonarrizek eta Garikanok Euskaltzaindiaren ikur-diploma jaso dute, urgazle berri gisa

Ataria 2022ko apirilaren 30a

Baionako Herriko Etxean egin dute bilkura eta diploma jaso duten Euskaltzaindiako 19 urgazle berrien artean daude Kike Amonarriz eta Asun Garikano.

Euskaltzaindiak ikur-diplomak banatu dizkie iaz izendatutako urgazle berriei. Bilkura Baionako Herriko Etxean egin dute eta txistularien musikak girotu du ekitaldia. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Parrilla Etchart Baionako auzapez-ordeak egin die harrera urgazle berriei.

Bere mintzaldian, Urrutiak gogoratu die Akademiak kontuan izan dituela beraien merituak euskararen alorrean, baina ondoren etorkizunari begira jarri da Urrutia: “Izendatuak izan zarete, eta orain dator bigarrena, alegia, zuen lanak eta ahaleginak gauzatzea Akademiaren barruan. Laster jakingo duzue nolakoa izango den zuen partaidetza, Akademiaren egunerokotasuna ezagutu dezazuen eta zuen ekarpenak egin ditzazuen”.

2021ean urgazle izendatutako euskaltzaleen artean daude Kike Amonarriz eta Asun Garikano tolosarrak. Gipuzkoakoak, Ipar Euskal Herrikoak eta Bizkaikoak baino ez ziren izendatu iaz. Arabakoak 2015ean izendatu ziren eta Nafarroako azken urgazleak 2016an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!