Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak 2023an irekiko ditu ateak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 29a, 19:59

Andragora izena jarri diote Tolosaldeko Emakumeen Etxeari, eta partaidetza prozesuaren bigarren eta azken fasea bukatuta, etxearen helburuak, funtzionamendua, kudeaketa eta finantzaketa ereduak zehaztu dituzte, eta baita jarduera eta zerbitzuak ere. Obra guztiak 2023aren otsailerako bukatzea espero dute, eta Tolosako Udalak dagoeneko esleitu ditu obrak. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea Tolosako Inpernu kaleko 5, 7 eta 10 zenbakietako lokaletan kokatuko da, eta proiektuan eskualdeko 24 herrik parte hartuko dute.   

"Poliki-poliki, baina tinko proiektu estrategikoaren barruan pausoak ematen aurrera goaz", esan du Olatz Peon alkateak. Tolosaldeko emakumeen etxearen partaidetza prozesuaren bigarren faseari jada amaiera eman diote, eta prozesuan landutakoak azaldu eta obraren inguruko epeen berri eman dute. "Poza" eta "elkarlana" izan dira, batik bat, emakumeek aurkezpenean aipatu edota adierazi dituzten hitzak.

Emakume etxearen elkartea sortu dute eskualdeko udalen eta emakumeen arteko harremanetarako, eta azkeneko gune zabalean adostu zuten etxeak izango duen izena: Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea. Eskualdera begirako proiektua da, eta Tolosaz gain eskualdeko beste 23 herrik parte hartuko dute.

Iazko maiatzean abiatu zuten partaidetza prozesua, eta Peonek azaldu duenez lau lan talde aritu dira buru-belarri lanean. Alde batetik talde motorrak lau bilera egin ditu, eta "prozesuaren etengabeko jarraipena egin du".  Lan talde politiko teknikoak ere lau bilera egin ditu, prozesua eta emaitzak ontzat emateko, eta plangintzan jasotako lanketak bideratzeko. Talde eragilean, berriz, sei bilera burutu dituzte. Eta gune zabalean bi bilera egin dituzte, "egitasmoa sozializatzeko gune gisa". 

Denbora tarte horretan, kudeaketa eredua finkatu dute eta finantzaketa partekaturako eredua ere zehaztu dute, eta baita etxearen araudia, funtzionamendua, eta zerbitzu eta jarduerak ere. "Hastapenetatik elkarlanean sortu eta garatutako proiektua izan da, eta horregatik, bereziki azpimarragarria eta aberasgarria da egindako bide luzea", esan du Olatz Peonek, eta gaineratu du: "Eskertu nahi dut bereziki prozesu luze honetan parte hartu duten emakume guztien lana, eta bereziki talde eragilearena". Hori horrela, talde eragileko kideak ere izan dira aurkezpenean, eta "pozgarritzat" jo du Tolosako alkateak.

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak "eraldaketarako gune eta tresna" izatea du helburu, "emakumeak ahalduntzeko, mugimendu feminista sendotzeko eta garatzeko, sareak eraikitzeko, eta jatorri, adin eta ideologia ezberdinetako emakumeen elkargunea izan dadin". Etxeak, ezaugarri gisa izango ditu: belaunaldiartekotasuna, aniztasuna, errespetua eta irisgarritasuna. Espazio berri bat izango da: dinamikoa eta aktiboa, hezitzailea, arnasgunea, inklusiboa, laikoa, parte hartzailea eta, noski, feminista. 

Emakume etxearen finantzazioa

Finantzaketa partekatuaz Tolosako zinegotzia den Begoña Tolosak hartu du hitza. Tolosako Udalak eta Tolosaldeko beste 23 udalek eman diote babesa proiektuari, eta ekarpen ekonomiko bat egiteko adostasuna lortu dute, finkatzearekin batera. 

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak bi eraikin izango ditu. Inpernu kaleko 5, 7 eta 10 zenbakietako lokaletan eraikiko da. Bi eraikinak eta eraikin horien hornidura Tolosako Udalaren kontu izango da. "Gastu arruntetarako, jardueretarako eta zerbitzuetarako ekarpen ekonomiko bat egingo dugu", esan du Tolosak. "Udaletxeko berdintasun teknikarien eta emakumeen etxean lan egingo duen dinamizatzailearen arteko harremana estua izango da, eta elkarlanean aritu beharko dute egunerokoa aurrera ateratzeko".

Beste 23 udalen kargu ere izango dira mantenu gastuak, jarduerak eta zerbitzuek aurrera egiteko bakoitzak bere ekarpena egingo du, eta "bere gain izango da etxeko dinamizatzailearen lanpostu guztia". Udaletxe bakoitzak egingo duen ekarpen ekonomikoa ahalmen ekonomikoaren araberakoa izango da. 

Jakina den moduan emakumeen etxea eskualdera begirakoa izango da, eta lan talde politiko teknikoan ere eskualdeko ordezkariek parte hartu dute. Amaia Azkue Berastegiko alkateak eta Pili Legarra Asteasuko alkateak parte hartu dute prozesuan. Honela, Tolosaldeko herrien parte hartzea bermatu nahi izan dute. 

Eskualdeko udaletxe guztiei aurkeztu diete proiektua, eta udal guztiek epe bat izan dute parte hartuko duten edo ez erabakitzeko. Guztira 24 herrik erabaki dute emakumearen etxea babestea. "Bilera horietan udalei eskualdean emakumeen etxea zertarako behar dugun azaldu diegu", zehaztu du Azkuek. 

Kudeaketa ereduaren proposamen bat ere aurkeztu diete, baina "oraindik definitzeko dago", esan du Berastegiko alkateak, eta gehitu du: "Udalok koordinazio taldean parte hartuko genuke". Horrez gain, "ekarpen ekonomikoaren proposamena eta finantzaketa partekatuaren eredu bat landu da, nahiz eta, oraindik egin beharreko ekarpena ez den zehatza", nabarmendu du. Tolosa kenduta, gainontzeko herriek, dinamizatzailearen kostua, jarduerena eta eraikinaren mantenuaren zati bat hartuko dutela bere gain argitu du Azkuek. 

Dinamizatzailearen lan postua, lehiaketara

Asteasuko alkate Pili Legarrak nabarmendu du Andragoran bertan egongo direla Tolosako udaletxeko berdintasun teknikariak. Esan bezala, gainerako udalek dinamizatzailea jarriko dute lanean, "dinamizatzaile hori kontratatzeko deialdi ireki bat egingo da aurten", esan du. Oraindik datak zehazteke badituzte ere, deialdia Tolosaldea Garatzenen bidez egingo dute. Berdintasun teknikariaren profila izan beharko du pertsona horrek: "Lanaldi oso bat eskainiko da". Baldintza minimo batzuk ere bete beharko ditu: "Euskararen ezagutza maila beharko du, teoria eta mugimendu feministen ezagutza, koordinazio atalean gaitasuna izatea, nahi eta nahiez eskualdeko ezagutza ere izan beharko du, aniztasun funtzionala,...".    

Behin etxearen barruan, "harrera berak egin beharko du, eta informazioa ere bere eskutik joango da". Tolosatik aparte beste 23 herri egongo direnez, "udal horiekin harremanak lantzea ere bere egitekoa izango da". Talde feministei begira, "eskualdean zer daukagun begiratu eta aztertu beharko da". Horrez gain, Tolosako teknikariekin batera, lan talde bat osatu beharko du. "Kudeaketa organo ezberdinak izango ditu etxeak eta elkarlan bat egin beharko du, eta parte izan beharko du proposamenak egiterako garaian". "Hor hartutako erabakiak gauzatzeko eta koordinatzeko ahalmena berea izango da", azaldu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herri txikiei begira Berdinbidean egitasmoa du berdintasuna landu ahal izateko, eta "bertan ere parte hartu beharko du", azpimarratu du Legarrak. Indarkeria matxistaren aurrean bideratzen jakin beharko du. Espazioaren kudeaketaz ere bere arduratu beharko da, urteko memoria bat egin, eta sortu berria den Gipuzkoako emakumeen etxeen artean sortu den sarean ere parte hartu beharko du. 

Egun pozgarria dela ekarri du gogora Legarrak; "honelako eraikin eta egitasmo bat aurrera ateratzea izugarria da, eta posible da elkarlanean gauzak egitea", nabarmendu du.  

Funtzionamenduaz, hainbat xehetasun

Talde eragilearen ordezkari izan dira Irma Arnaiz, Pilar Garaialde eta Ixiar Arratibel. Lan guztia lau puntutan laburtu nahi izan dute. Erabiltzaileei lotuta 16 urtetik gorako edozein emakume izango da etxearen erabiltzaile. "Erabiltzaile aktibo edo pasibo izan, behin etxe hau gurea dela sentitzean, eta behin guk tokia dugula sentitzean, eta emakumearen etxearen helburuekin bat badatoz parte hartzeko aukera izango dute; baina hasiera batean, emakumeok gurea sentitu behar dugu etxea", adierazi du Arnaizek. 

Kudeaketari dagokionean talde ezberdinak egongo dira, funtzionamendua nola izan behar duen erabakiko dutenak: "Egoera bakoitzari ezberdin erantzun behar zaio, eta ereduetako bat lan taldeak sortzea izango litzateke", esan du Arnaizek. "Behar orokor edo zehatz bati erantzuna ematea izango litzateke; lan talde boluntarioa izango da, eta aktiboak diren emakume horiekin sortuko da lan taldea". Lan talde horrek bere gisara egingo luke lana. Horretaz aparte, talde eragile bat ere egongo da, eta hor elementu gehiago sartuko dira, hau da, partaide gehiago. "Gehienez hamar bat partaide izatea kalkulatzen dugu, eraginkorra izan dadin", dio.

Lan taldeko ordezkariak, elkarteko ordezkariren bat, talde feministen ordezkariak, genero berdintasuna helburutzat duen edozein taldeko ordezkariak, eta dinamizatzailea eta berdintasun teknikaria. Orain artean aipatutako partaide guztiei, berdintasun arloko politikoak gehituko litzaizkiekeen beste talde bat ere egongo litzateke, eta hori koordinazio gunea izango litzateke: "Instituzioetan dagoen politikoen figurak egon behar du, eta zenbait erabaki edo hausnarketa egin behar badira parte hartuko lukete". Eta azken eremua gune zabala izango litzateke, "orain arte egin dugun bezala", dio talde eragileko kideak. Azken batean, orain artean izan duen egitura antzekoa mantenduko luke emakumeen etxeak, eta gune zabalean edozein emakumek parte hartzeko aukera izango du: "Aktiboki parte hartzen ari denak, edo egitasmoarekin kuriositatea duen beste edozeinek".

Talde guzti horiek independenteak izango direla esan du, eta beharren arabera elkartuko liratekeela. 

Zerbitzu eta jarduera batzuk ere prestatu dituzte. Hasteko, etxea ezagutarazteko, harremanak sortzeko eta noski, berdintasun eta kontzientzia feminista sustatzeko. Horretarako, askotariko ekitaldiak izango dira.  

Zerbitzuen alorrean, alde batetik aholkularitza zerbitzua egongo dela kontatu du Garaialdek: "Psikologikoa, juridikoa, laborala eta sexualitatearen ingurukoa". Ahalduntze gune edo dinamikak sortuko dituzte, eta "jatorri ezberdinetako emakumeen ahalduntze taldeak, desgaitasuna dutenenak, indarkeria matxistari aurre egiten dietenenak, emakume sortzaileen gunea, eta behatoki kritiko bat ere egongo da azterketak egiteko". Azpimarratu nahi izan du, gauza guzti horiek ez direla Tolosa eta etxean bakarrik egingo, baizik eta, Tolosaldeko beste edozein herritan burutu daitezkeen jarduerak izango direla. 

Arratibel funtzionamenduan zentratu da, eta emakumeen etxea astelehenetik ostiralera egongo dela irekita argitu du, goizez eta arratsaldez. "Ordutegia zehazteko dago, eta martxan jartzeak erakutsiko digu zein behar dauden".  Orduz kanpo erabiltzeko aukera ere izango da, beti ere, emakumearen etxearekin bat datozen ekimenak baldin badira.  

Elkarteak zubi lana egitea izango du xede, eta bazkideak izango ditu, baina bazkide izateko "ez da ezer berezirik beharko", azaldu du Arratibelek. Ez da kuotarik ordaindu beharko, eta "nahikoa izango da helburuekin bat etortzea". 

Obren hasiera, ekainean

Bukatzeko, Peonek hartu du egiteko dauden obren gaineko azalpenak emateko ardura. Elkarren ondoan dauden bi eraikinek osatuko dute Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea, eta egokitze obrak egingo ditu Tolosako Udalak bi eraikinetan, eta baita kanpoko eremuan ere, plaza eraberrituz. 

Emakume taldearekin eta auzoko bizilagunekin adostu dituzte lanak, eta obrak Urbycolan S.L. enpresak egingo ditu. 600 metro karratu erabilgarri izango ditu etxeak. Erakargarria izan dadin kanpoko itxura ere berritu egingo dute, eta bi lokalek itxura bateratua izango dute: "Espazio malgua, erakargarria eta irekia izatea nahi da askotariko erabileratarako". Espazio txiki eta pribatuak ere izango ditu etxeak.    

Lanek 597.709,22 euroko aurrekontua izango dute, eta ondo bidean, ekainaren erdialdean hasiko lirateke obrak. Aurreikuspenen arabera, 2023ko urtarrilerako prest egongo litzateke aurreko aldeko lokala eta atzeko aldekoa, berriz, otsailerako bukatuko lukete. Eta bukatzeko, altzarien horniketari dagokion esleipena ere martxan jarriko dute, eta horretarako Tolosako Udalak 85.000 euro jarri ditu. 

           

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!