ELKARRIZKETA

«Jendearen esentzia irudi batean jaso behar duzu eta hori lortzea zaila da»

Irati Saizar Artola 2022ko api. 30a, 07:57

Iñaki Elolak 3 tabernan du 'Tolosako Herritarrak' erakusketa ikusgai. I. SAIZAR

Profil ezberdineko 36 tolosarri argazkiak atera eta 3 tabernan jarri ditu ikusgai Iñaki Elola argazkilariak; argazki bakoitza zaindu du, espresio bakoitza jaso du, emaitzan diren bezala irudikatzeko.

Tolosako Herritarrak izeneko erakusketa jarri du Iñaki Elola (Tolosa, 1964) argazkilariak Tolosako 3 tabernan. «Kaleko herritarrak», «herritar arruntak» erretratatu ditu, «aldi berean, aurpegi ezagunak direnak» 36 argazki aurki daitezke, guztiak zuri-beltzean. Maiatzaren 17a bitarte ikusgai izango dira.

Zer aurki daiteke erakusketan?

Tolosako herritarrak dira protagonista, kaleko jendea. Nahasketa handia dago, jende oso diferentea da, profil ezberdinekoa. Egia esan prozesu guztia nahiko abstraktua izan da. Nire estudioan argazki asko egiten ditut gidabaimen eta nortasun-agirietarako, adibidez; behin herritar bati atera nizkion batean pentsatu nuen zerbait egin nezakeela formatu horretako argazkiekin. Hortik hasi nintzen guztiaren inguruan hausnartzen eta forma ematen.

Eta herritarrak prest agertu dira beraien aurpegiak denen aurrean erakusteko?

Erakusketa honetarako, jendea identifikatu eta zer lortu nahi nuen azaldu diet protagonistei. Argazki batzuk ere erakutsi dizkiet adibide moduan ikus zezaten zer zen lortu nahi nuena. Gehienek baiezkoa eman didate, prest agertu dira, eta hortik etorri da ondorengoa. 

Aurpegi ezagunak dira herrian.

Nire lanaren bitartez jende asko ezagutzen dut Tolosan eta horrela egin dut aukeraketa.

Argazkilaria zara. 

Nire lanbidea argazkiak ateratzea da bai, bederatzi urte daramatzat estudio propioan lanean eta burua beti izaten dut martxan. Aurrez, telebistan 28 urte pasatu nituen kameralari bezala. Lana oso gaizki zegoenez, nire aldetik hastea pentsatu nuen. Argazkigintzaren bueltan bizi nintzen lehen ere, eta lanbide moduan geratu zait orain. Lanetik kanpora ere askotan izaten dut kamera bat gainean, badaezpada.

Neurri berdineko 36 erretratuk osatzen dute erakusketa.

Hasierako planteamenduan beste formatu batean egin nahi nuen. Erretratuak askoz handiagoak izatea nahi nuen, baina hori finantzatu egin behar da, diru asko balio du, laborategiko lana ere ez da merkea eta ezinezkoa zela ikusi nuen. Txipa aldatu eta formatu txikiagoan jarri ditut lanak, guztiak neurri berdinean.

«Aurpegiera naturalena jasotzen saiatu naiz; argazkian islatuta ikusi behar dut nolakoa den pertsona hori»

Zenbat lan eskatu dizu?

Hilabete batzuk pasa ditut argazkiak ateratzen. Batzuk estudioan egin ditut eta beste batzuk kalean. Estudioan egindakoak fondo zuriaren aurrean eginda daude, flashak eta argiak ditut, eta argazki garbiak dira. Kalean egindakoek berriz lan gehiago eskatu didate, maskaratu egin ditut eta fondo zuria jarri behar izan diet.

Argazki bakoitzaren atzean badago lana, beraz.

Argazkiak ateratzeaz gain, postprodukzioan dago lana. Argazki hauek estetika aldetik bereziak dira, aurpegierak handituta edo markatuta jarri ditut, apropos. Jende askok esaten zidan ederrago agertzeko photoshop-a erabiltzeko beraien argazkietan. Alderantziz egin dut, zimurrak nabarmentzeko moduan jarri ditut.

Eta guztia zuri-beltzean. 

Bai, hala aukeratu dut, hori ere nahita. Denen artean bat bereizten da ordea: guztiek dute fondo zuria, argazki batek izan ezik. Erakusketaren erdi-erdian kokatu dut mutil baten erretratua, beltza da bera eta fondoa ere beltza jarri diot, oreka hori puskatzeko.

Eta pertsona bakoitzak bereizgarri bat du, elementuren bat, pertsona horrekin identifikagarria dena. 

Argazki batzuk sinpleak dira, kamerari begira, diren moduan agertzen direnak. Baina gehienetan pertsonaiek zerbait identifikagarria dute eskuartean, buruan... Lanbidearekin zerikusia duten elementuak dira batzuenak edo afizioenak besteak. Mozorrotuta ere badaude batzuk. Argazki bat edo beste artxibotik berreskuratuta ere badago, inauterietako bat kasu, baina ia denak orain egindakoak dira.

Argazkia ateratzerakoan zer da gehien zaindu duzuna?

Erretratuak egitea nahiko zaila da. Jendearen esentzia hori irudi batean jaso behar duzu. Argazki on bat ateratzeko hamar bat argazki atera dizkiet bakoitzari. Aurpegiera naturalena jasotzen saiatu naiz. Argazkian islatuta ikusi behar dut nolakoa den pertsona hori.

«Lagin txiki bat besterik ez da jaso dudana; Tolosako biztanleria ordezkatzeko adina izatera ez da iristen»

Noiz hasi zinen erakusketa prestatzen?

Zazpi bat hilabete izango dira. Bakoitzarekin hitz egin, argazkirako hitzordua lotu eta argazkia egin arte denbora joaten da. Batzuei kalean egin dizkiet, animatzen baziren, momentuan bertan fondo neutral bat bilatu eta bertan aterata. Horrela denbora pixka bat aurreztu ahal izan dut.

Erakusketa jartzen duena ere izan ohi da protagonista gehienetan.

Horrelako gauza bat egiten duzunean ikusgai jartzen duzu zeure burua. Momentuz erakusketa ikusi dutenen artean jaso ditudan inpresioak positiboak izan dira. Zerbait desberdina dela esan didate, hainbeste aurpegi ezagun ikusteak inpresioa eragiten duela. 3 tabernan, gainera, normalean jartzen dituzten erakusketak pinturak izaten dira eta bada zertxobait ezberdina hau. Tolosan, momentuz, hiru erakusketa egin ditut. Bata, La Habanako argazkiekin egin nuen 2010ean, eta bestea Topic-en jarri nuen, 2013an, Arpegi is different izenekoa, Arpegi taldea protagonista zela. Eta honakoa nire hirugarren erakusketa da. Azken hau joko baten modukoa izan da. Berez, horrelako erakusketetatik ez duzu dirurik lortzen, baina sekulako ilusioa nuen egin dudana egiteko. Jende arruntari espazio bat eman nahi nion, eta jende ezberdina bildu dut. Gero bai, erretratuak saltzeko jarri ditut, 30 euroren truke, kostu prezioan, norbaitek eraman nahiko balu.

36 pertsona horiek Tolosa ordezkatzen dute?

Ez, hori lortzea oso zaila da. Lagin txiki bat besterik ez da jaso dudana. Egia da arlo oso ezberdineko jendea dagoela, baina Tolosako biztanleria ordezkatzeko adina izatera ez da iristen. Gainera, jende asko etorri zait esanez bera ez dudala atera, baina ezinezkoa zen zabalago lantzea.

Lanetik aparte ere kamera gainean eraman ohi duzula aipatu duzu. 

Hamalau urterekin oparitu zidaten nire lehenengo kamera, Polaroid bat izan zen. Etxean tomavista super 8mm horietako bat geneukan, aitak erabiltzen zuena, eta grabatzen ibiltzen nintzen hamaika urte ingururekin edo. Etxean dut oraindik gordeta; egia esan pasa ditudan argazki kamera eta bideo kamera guztiak jasota dauzkat. Argazki kamerak hamabost inguru izango ditut eta bideoak grabatzekoak bederatzi inguru. Museo bat jartzeko adina material daukat. Aitortu behar dut friki bat naizela zentzu horretan, bertatik bizitzea zaila den arren, gustatu egiten zait mundu hau.

 

36 ERRETRATU

Tolosako herritarren aurpegiak izoztu ditu Iñaki Elola argazkilariak erakusketa batean. Datozen asteetan 3 tabernako jangelan izango dira ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!