ERREPORTAJEA

Naturaz jantzitako artea

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 1a, 11:44

Cristina Enean dago ikusgai 'Tektonika'. GARIKOTZ C. MURUA

Garikoitz C. Murua artista tolosarrak Tektonika izeneko erakusketa du jarrita Donostiako Cristina Enea Fundazioaren aretoan; ekainaren 12a bitarte izango da ikusteko aukera Alicia Martin artistarekin batera osatu duen naturari eta bizitzari lotutako erakusketa.

Donostiako Cristina Enea Fundaziotik gonbidapena jaso zuen Garikoitz C. Murua artista tolosarrak, eta Tektonika izeneko erakusketa jarria du bertan Alicia Martinekin batera. Ekainaren 12a bitartean izango da bisitatzeko aukera.

Eneko Calvo erakusketako zuzendariak egin zion erakusketa jartzeko proposamena, eta «proiektu bat aurkezteko aukera eskaini zidan», zehaztu du Muruak. Cristina Enea Fundazioak natura eta ingurumenarekin lotuta egiten du lana, eta jasangarri izatea bultzatzen du. «Badut nahikoa organikoa den lan bat, eta naturara eramaten gaituena, baina ez nintzen gai ikusten erakusketa osoa burutzeko», esan du Muruak. Cristina Eneak bi areto handi ditu, eta beheko solairuan du hirugarrena. Orduan, beste pertsona batekin batera aurkeztea erabaki zuen.

2019. urtean ezagutu zuen Madrilen Alicia Martin artista. «Asko gustatzen zait bere lana», dio. «Nahiz eta abstrakziotik etorri, badu ukitu organiko bat», argitu du Muruak. Caceresen jaioa da Martin, baina Donostian bizi da. «Kasualitate askok egin zuten bat», dio. «Aliciari planteatu nion ea nirekin batera erakusketa egin nahi ote zuen», kontatu du. «Urte asko daramatza lan honetan, eta miretsi egiten dut. Profesionalki, artista moduan, oso aurreratuta dago», nabarmendu du artista tolosarrak.

Martinek baiezkoa eman zion Muruaren proposamenari, eta elkarrekin lanean hasi ziren. Lehenik eta behin erakusketa nondik nora bideratu irudikatzen hasi ziren, fundazioari proiektua aurkeztu ahal izateko. «Biok, non, gure lanbidetik naturaren inguruan hitz egingo genuen, baina lurrazalean eta lurrazalaren inguruan zer gertatzen den», argitu du. Hasiera batean, natura era zabal batean ukitzea erabaki zuten, baina «denborarekin pixkana sakontzen joan ginen, eta lurrazalean plaka batzuk daudela iritsi ginen, eta plaka horiek talka egiten dutenez, tektonikaren plaka dira». 

Talka. Talkari tiraka osatu dute erakusketa. Talkaren zergatia azaldu du: «Gu ere kasualitatez ezagutu ginen, talka bat egin genuen, proiektu hau ere iritsi zen kasualitatez, bidean Alicia ama izan da, orduan, bizitzan suertatzen diren talka hauek edo kolpe horiek sortzen dute mugimendua». Mugimendu horrek eraman ditu egunerokotasunean erabiltzen diren hainbat elementuetara. 

2019an jaso zuen proposamena Muruak eta ideia 2020an aurkeztea bazen ere, atzeratu egin zaie proiektua.

«Oso aberasgarritzat» du Alicia Martinekin lan egin izana. «Profesionalki oso aurreratuta dago, eta Ameriketako Estatu Batuetan ibilia da, eta Espainia mailan ere bere lana indarra hartzen ari da pixkanaka». Ibilbide handia duela ikusten du. «Urte asko daramatzat nik honetan, baina bera aurreratuta doala ikusten dut». «Esperientzia aldetik asko jaso dut berarengandik».

Proiektua ondo bideratu eta produkzio lanetan urte bat pasa du bakoitzak: «Pieza guztiak egin, forma eman,...» Bakoitzak bere estiloa duela esan du, eta «estilo horretatik ezin gara atera, eta bakoitzak bere erara egiten du lan». Baina aldi berean, lotura puntu batzuk aurkitu behar izan dituzte.

Beheko solairurako mural handi bat margotu dute bien artean, eta erakusketara sartzen, nolabait, aurkezpen lanak egiten ditu. Testu batez lagunduta dago, eta testua Iker Fidalgok idatzi die. Fidalgo Arte Ederretan doktorea da.

Beste bi aretoetan, bakoitzaren lanak banatuta jarri dituzte. Oso era ezberdinetan lan egiten dute, baina parametro batzuk jarraitu dituzte. Sala bakoitzean sartuta, bi pieza handi edo nagusirekin egingo du topo bisitariak. Pieza horiek bata bestearen parean kokatuta daude. «Nire piezak bi bider biko neurria dutenak dira, eta Aliciarenak bi bider 1,80ko neurrikoak dira gutxi gorabehera», zehaztu du.

«Neketsua eta gogorra»

Urte luze bateko lana jarri dute ikusgai. «Neketsua» izan dela aitortu du Muruak. «Oso gogorra izan da. Prozesu horretan koadro handiak aurkezten dira, eta edozein akatsak koadroa izorratzen du».

«Koadro handiekin lan egiten duzunean elementu guztiak ondo kokatzen saiatu behar zara, eta emaitza zuzena izaten», zehaztu du. Lau pieza handi ditu erakusketan jarriak tolosarrak, «batek, esaterako, hiru metro bider bi ditu, eta lehenengoan ez bada ondo ateratzen, errepikatu egin behar izaten da». Koadroetara iritsi aurretik, ordea, prototipoak egiten dituzte. Prototipoek ere neurri berekoak izan behar dute. «Prototipoak ez dira ikusiko eta ez dira ikusten, eta errepikapen oso-oso iguala izan ohi da. Prototipo horietan aukera daukat akatsak zuzentzeko, baina definitiboan jada ezin dira egin».

«Finantzazio ona eman digute proiektua garatzeko; hori gabe ez litzateke posible izango honelako lan bat egitea»

Prototipo bat egiten bost edo sei aste pasa ditzake. Eta gero hasten da benetako lana, eta «nahiko neketsu» moduan definitu du. Baina, era berean, «azkenean espero nuena burutu da, eta horrek betetzen nau», dio.

Bi pieza handiren kasua definitu du. Batean landare lehorrak txertatu ditu, eta bestean landare biziak. «Landare bizi horiek bizirik mantenduko dira, eta hazi egingo dira erakusketak irauten duen denbora tarte horretan».

Prototipoan landare batzuk sartu zituzten, «ondo atera zen, baina ez genekien zenbat iraungo zuten». Definitiborako instalazio oso bat egitea lortu du, eta ureztatze sistema eta guzti sartu dio. Horretarako paisajista baten laguntza izan duela kontatu du; Haritz Elosegi tolosarrarena. «Nik teoria daukat, baina bera horretara dedikatzen da, eta berak lagundu zidan definitiboki atzetik ureztatzeko instalazio guztia egiten, baina horraino iristeko ere denbora asko pasa zen».

Bizitzaren eta naturaren denbora

Tektonika mugitzen diren plakak direla azaldu du. «Gure lurra edo azaleko natura guztia mugimendu horiengatik sortu da. Lurrak nukleo bat du, eta nukleo hori oso beroa da, eta goraka botatzen hasten da, eta mugimendu batzuk sortzen ditu, baina plakak berez urteetan eta urteetan sortutako finkatzeak dira».

«Azken kapa gu gara», jarraitu du, eta «guk denboraren gainean hitz egiten dugu». Bizitzaren eta naturaren denborak zer suposatzen duen kontatzen dute. «Horregatik ziklo bat jartzen dut, eta landare biziak eta bere parean landare hilak edo lehorrak ikusten dira. Baina horiek haziak ematen dituzte hurrengo ziklorako». Mugimendu horren barruan ziklo bat eta beste bat, eta beste bat betetzen da etengabe.

Bizitzak ziklo bat duela esan du, eta «zein kalte ematen diogun lurrari». Horretan jarri du azpimarra. Harriekin ere lan egin du Muruak, eta harriak ere lurraren atal bat dira: «Harri horiek gizakiak erabilitako erremintekin aldatuta daude, eta harri horiek hondakinak kontsideratzen dira. Harrobitik aterata daude, teilatuetan erabiltzen den pizarra dira, eta botata zeuden, baina bere momentuan erabilera bat izan zuten».

Gaur egun, erakusketarako elementu artistiko moduan transformatu ditu Muruak, «baina ondoren berriro hondakin bihurtuko dira». Gizakiari zer pentsa sortu nahi dio. 

Martinen aretoan ere harrien mugimendua irudikatu dute, «bere testurak eta lan egiteko formak harri itxura duten elementuak sortzen ditu». Gardentasunekin, argiarekin eta pigmentuarekin egiten du lan Martinek, eta «harri itxurako elementuak sortzen ditu», azaldu du Muruak. Leihoen kontra daude kokatuta Martinen lan batzuk eta egunaren eta eguzkiaren arabera, kolore bat edo beste ikusten da. Egunerokotasunean denbora nola pasatzen den erakutsi nahi dute.

Fundazioak lan interesgarria egiten duela esan du tolosarrak: «Honelako aukerak ez dira hain erraz sortzen eta gu fundazioarekin oso eskertuta gaude». Pozik da Murua «artistengana jo» dutelako. «Finantziazio ona eman digute proiektua garatzeko, eta hori gabe ez litzateke posible izango honelako lan bat egitea», azpimarratu du. Bi pertsonek urte oso bateko lana izan dute, eta beraien ideiak aurrera atera ahal izan dituzte.

Artea eta natura lotuta ikusteak merezi duela adierazi du, eta bisitari bakoitzari erakustera joan, sentitu eta ikusteko gonbidapena luzatu dio. Gero bakoitzaren esku geratuko da joko horrek zer transmititzen dion hausnartzea.

 

BI BISITA GIDATU


Maiatzaren 7an eta ekainaren 4an Muruak eta Martinek bisita gidatuak egingo dituzte erakusketan, 11:30ean. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Cristinaenea.eus web orriaren bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!