San Frantzisko pasealekuko azokako postuak Euskal Herria plazara lekualdatuko dira larunbatetik aurrera

Ataria 2022ko api. 27a, 18:59

Antolaketa berriarekin, postu guztiak plazaren erdialdean kokatuko dira, hau da, ez da posturik egongo arkupeen azpian; guztira, 27 postu izango dira: hamaika elikagaienak, eta hamasei gainerako produktuenak.

Pandemia garaian indarrean izan diren neurriei jarraituz, eta pertsonen arteko distantzia mantentzeko, ohiko hiru plazetatik harago, Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan kokatu dira azokako postuak. Osasun neurriak malgutzearekin batera, otsailean lekualdatu ziren Trianguloa plazako postuak Zerkausira, eta orain, larunbatetik aurrera, San Frantzisko pasealekuko postuak Euskal Herria plazara itzuliko dira; berrantolatu egingo da postuen kokapena. Ondorioz, larunbatetik aurrera ohiko 3 plazetara itzuliko da Tolosako Azoka.

Pandemia garaia baliatu du udalak, Azoka Lagunak proiektua abiarazteaz gain, azoka garai berrietara egokitzeko urratsak egiteko eta larunbateroko azokaren eremuen azterketa eta berrantolaketa egiteko, azoka indartzeko estrategia zabal baten baitan. Azokagile eta ekoizleekin proposamena landu eta adostu ondoren, larunbatean martxan jarriko da antolaketa berria Euskal Herria plazan, aurretik Zerkausian egin den moduan.

Guztira, 27 postu izango dira Euskal Herria plazan: hamaika elikagaienak, eta hamasei gainerako produktuenak (jantziak, oinetakoak, osagarriak…). Antolaketa berriarekin, postu guztiak plazaren erdialdean kokatuko dira, hau da, ez da posturik egongo arkupeen azpian. Itxura zirkularrean jarriko dira postuak: erdian egongo dira elikagaien postuak eta inguruan, aldiz, gainerako produktuenak. Berrantolaketarekin, postuak modu ordenatuan kokatuko dira, irisgarritasuna hobetuko da eta dinamismoa emango zaio azoka guneari. Halaber, azokako eremuen berrantolaketarekin, itxura bateratua eman nahi zaie hiru azoka guneei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!