Amarotz auzoko basoa eraberritu dute Tolosako zenbait ikaslek

Ataria 2022ko apirilaren 26a

Eremua berreskuratzeko, sasiak eta landare inbaditzaileak kendu eta bertako landareak landatu dituzte.

Tolosaldeko ikastetxeak basoak lantzen ari dira aurtengo Eskola Agenda 2030 programaren baitan. Hori dela eta, Tolosako Lanbide Heziketa ikastetxeetako ikasleek jarraipena eman diote Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak 2020an Amarotz auzoko basoan abiarazi zuten lanketari. Hain justu, sasiak eta landare inbaditzaileak kendu dituzte, bertako landareak landatzeko. 200 landare landatu dituzte, 100 zuhaixka eta 100 zuhaitz, eta Goroldi taldearen laguntza izan dute lan horietarako.

2020an, gazte auzolandegiak antolatu zituen bertan udalak. Eremua erabilgarri bihurtzeko lanak egin eta urmael bat sortzeko lehen urratsak eman zituzten. «Natur eremu hau berreskuratzeko hainbat ekimen egin ditugu azken urteetan, Amarozko basoa osatzen duten hiru hektareatan suntsitutako ekosistema berreskuratu eta kontserbazio lanak egiteko helburuarekin».

Gaur egun, Tolosako ikastetxeek eremua erabiltzen dute, Baso Eskola proiektua garatzeko; ingurumenarekin lotutako ekintza didaktikoak ere egiten dituzte bertan. «Ikastetxeek eta ikasleek bertan egiten duten lan bikaina eskertu nahi dugu», adierazi dute udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!