Konfiantzazko espazio bat, haurtzaroko sexu abusuez aritzeko

Ataria 2022ko api. 26a, 11:59

'Hurbilketa politikoa haurtzaroko sexu abusuetara' izeneko tailerra eskainiko du Susanna Minguellek, Jabetze Eskolaren barruan; lehen saioa ostegunean izango da.

Jabetze Eskolak udaberrirako antolatu dituen jardueren artean, haurtzaroko sexu abusuetara begira jarriko dira. Ostegunean izango da lehen saioa, Susanna Minguellen gidaritzapean, eta maiatzaren 5, 12, 19 eta 26an jarraituko du prestakuntzak. Oraindik izena eman daiteke Tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean.

Hamasei urtetik gorako pertsonei zuzendutako tailerra izango da, Minguellek azaldu duenez, mistoa: "Oso interesgarria da talde mistoa izatea, zenbat eta profil gehiago, aberasgarriagoa izango da; profesionalak etor daitezke, haurtzaroan sexu indarkeria sufritu dutenak ere bai, denentzat dago irekita".

Haurrei egindako sexu abusuen "irakurketa intimo eta politikora lehen hurbilketa" egingo dute. Lehenengo saioaren aurretik, partaideentzat abusua den horren argazki bat bidaltzeko eskatu die, lehen egunean taldean ikusi eta komentatzeko. Norbaitek nahiko balu, gainera, saioa hasi baino lehen elkarrizketa pertsonal bat eskaintzen du Minguellek, zalantzak eta kezkak adierazteko.

Haurtzaroko sexu abusuez ariko direla kontatu du, gizarteak duen inplikazioaz, komunikabideen trataeraz, amnesiaz, isiltasun indibidualaz ez ezik kolektiboaz, edota zigor kodeaz. "Haurtzaroko sexu abusuak egiturazko arazo bat direla azalduko dut, arazo politikoa direla; gizarte osoak du arazoa, ez da banakako auzia". Saio bakoitzaren amaieran, debaterako tartea eskainiko du, parte hartzaileek beraien ikuspuntua eskaini dezaten.

"Espazio intimo bat sortu nahi dut, konfiantzazkoa, finean, sentsibilizazioa bilatu nahi dut, ahalduntzea eta eztabaidak sortzea", dio Minguellek.

Bost saio izango dira, bi ordu iraungo du bakoitzak eta kultur etxean izango dira, gaztelaniaz, 18:00etatik 20:00etara. 10 euroko kostua izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!