Realak irabazi du V. Nescup Txapelketa

Ataria 2022ko api. 23a, 19:34

2-1 irabazi dio finalean Mulier talde nafarrari; partidaren azken segundoan sartu du talde txuri-urdinak garaipena eman dion gola.

Emozioz beteriko finala izan da, fisikoa eta taktikoa. Husnako berdinketarekin heldu dira atsedenaldira, eta bigarren zatiaren erdialdean markagailuan aurretik jartzea lortu dute nafarrek. Orduan, erasora jo dute gipuzkoarrek; arriskatzea erabaki dute. Finala amaitzeko bost minutu falta zirela lortu du Realak berdinketaren gola; Aiara Agirrezabala berastegiarra izan da golegilea. Eta azken minutuak tentsioz beterikoak izan dira. Azken segundoan, erdiraketa bat egin ondoren, area barruan hilda geratu da baloia, eta Realeko jokalariak aukera aprobetxatu du gola egiteko. Mulierrek zelai erditik sakea atera duenean amaitu da finala. Aiara, gainera, ez da eskualdeko ordezkari bakarra izan finalean; Imanol Moyano ibartarra izan baita Realeko entrenatzailea.

Festa handia izan da gaur Berazubi futbol zelaian. Ia 200 neska gaztek hartu dute parte txapelketaren bosgarren edizioan; 12 talde izan dira guztira. Hirugarren eta laugarren posturako partidan, Athleticek penaltietan irabazi dio Zarautz taldeari. Egun osoan euririk egin ez badu ere, finalean heldu dira lehen tantak. Hala ere, ez da aurreikusitako zaparradarik izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!