Folk herrikoiaren elkargune

Ataria 2022ko apirilaren 23a

Tolofolk jaialdiaren barruan, Kalepoza ekimena izan da goizean; Tolosaldeko, Asturiasko eta Kataluniako taldeak aritu dira Tolosako kaleak musikaz alaitzen.

Tolofolk jaialdiak aurrera jarraitzen du; laugarren eguna du gaurkoa. Bihar amaituko da, eta orain arte bertako nahiz estatu mailako artisten saioez gozatzeko aukera izan dute herritarrek. Gaur arratsaldean, nazioarteko musikari baten emanaldia izango da Euskal Herria plazan (euria eginez gero, Berdura plazan).

Goizean, baina, Tolosaldeko, Asturiasko eta Kataluniako musika taldeen txanda izan da; kalejiran aritu dira, herriko txoko ezberdinetan. Eskualdeko taldeei dagokionez, Udaberri Dantza Taldeko fanfarreak, Giro Arte dultzainero taldeak eta Ozenki txistulari taldeak hartu dute parte; Asturiastik gaiteroak etorri dira, eta Kataluniako Torrelles de Llobregat herritik, berriz, grallerrak.

Arratsaldean, saio bikoitza izango da: 19:00etan, Yesun Erdene Mongoliako musikari, kantu-irakasle eta bakarlaria entzuteko aukera izango da, eta 20:00etan, Iraide Ansorena tolosarraren Khami folk taldeak kontzertua eskainiko du.

Amaitzeko, bihar 19:00etan, iparraldeko folka izango da Plaza Berrian (euria eginez gero, Berdura plazan): Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Etxekopar artista zuberotarrek eta Xendarineko ahizpa kantariek agertokia partekatuko dute.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!