Arroila jaitsierak, Oargi Mendi Elkartearen eskutik

Ataria 2022ko apirilaren 22a

Apirilaren 30erako eta maiatzaren 1erako arroil jaitsiera bana antolatu ditu Oargi Mendi Elkarteak; irteera bakarra egingo dute asteburu osorako.

Apirilaren 30ean, larunbata, Ilarduia herrian dagoen Leze arroila jaitsiko dute. "Arroil berezia da, kobazulo bat da eta", azaldu dute antolatzaileek. Jaitsierako rapelik handienak 22 metro dituela gaineratu dute. Hurrengo egunean, maiatzaren 1ean, Ultzurrun herrira joango dira, eta Artazul arroila jaitsiko dute; bertako rapel handienak 43 metro ditu.

Eraman beharreko materialaren berri ere eman du elkarteak: neoprenoa, eskarpinak, kaskoa, arnesa (zortzia) eta lotzeko kaboa. Larunbaterako, gainera, frontala eramatea ezinbestekoa izango dela adierazi dute. Horrez gain, neoprenozko eskularruak eramatea gomendatu dute. Nahi duenak, neoprenoa, kaskoa eta arnesa alokatu ditzake mendi elkartean.

Izena emateko azken eguna hilaren 28a (osteguna) izango da, eta bi aukera daude horretarako: oargimendi@gmail.com helbidera mezua bidaliz edo 688 698 642 telefono zenbakira deituz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!