Goi mailako ostalaritzaren erakusleiho izango da Berazubi

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 21a, 16:59

Berazubi Auzo Elkarteak, III. Gastronomika Jardunaldiak antolatu ditu; gaurtik igandera bitarte, solasaldiak, lehiaketak, omenaldiak eta otorduak egingo dituzte auzoan.

Pandemiaren ondorioz, azken urteetan bertan behera utzi behar izan duten beste ekimen bat izan da Berazubi auzoko Gastronomika Jardunaldiak. Lehen bi edizioak ospatu ondoren, etenaldi bat egin behar izan dute antolatzaileek, eta aste honetan ospatuko dute hirugarren edizioa. Aurten, ostalaritzan lan egiten duten profesionalak omendu nahi dituzte. «Azken bi urteak oso zailak izan dira beraientzat», arrazoitu du Agustin Artola elkarteko kideak.

Urtero bezala, goi mailako sukaldariak eta adituak elkartuko dira auzoan, batez ere, tortilla, pintxo eta parrila lehiaketetan epaile lanak egiteko. Horiez gain, solasaldi bat eta zenbait otordu ere izango dira. Gaur emango diote hasiera igandera bitarte luzatuko den egitarauari. Josema Azpeitia kazetari eta kritiko gastronomikoak, 2020-2021 ostalaritza eta zaharberritzearen kalbarioa izeneko solasaldia eskainiko du, 19:30ean.

Ostegunean emango die jarraipena, lehiaketa batekin: Tolosako III. Patata Tortilla Lehiaketa. 19:00etan hasiko da, eta parte-hartzaileek 20:00etan aurkeztu beharko die tortilla epaimahaiari; sari banaketa 20:30ean izango da. Auzo elkarteak jarriko ditu osagai nagusiak (patatak, arrautzak, tipula eta olioa) eta tortillek, gutxienez, osagai horiek izan beharko dituzte. Ondorengo kideek osatuko dute epaimahaia: Kepa Txapartegi (Mitxelin izar baten jabea), Josema Azpeitia, Pili Manterola (Iribar jatetxea) eta Felix Manso.

Ostiralean ere, beste lehiaketa bat izango da: Tolosaldeko tabernen arteko II. pintxo Lehiaketa. Kasu honetan, tabernari bakoitzak etxetik eramango ditu pintxoaren osagaiak prestatuta, eta platerean jartzea izango da egin beharreko lana. «Azken ukituak eman edo prestaketa lanetarako, sukaldea erabiltzeko aukera eskainiko diegu», adierazi dute antolatzaileek. 19:00etan hasiko da lehiaketa, 19:30ean aurkeztu beharko zaio epaimahaiari pintxoa, eta 20:30ean banatuko dituzte sariak.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, oraingoz, eskualdeko zortzi ostalarik eman dute izena lehiaketan: Tolosa, Leaburu, Berastegi nahiz Larraulgoak, besteak beste. Nahi duenak, izena emateko aukera du oraindik, lehen aipatutako bideetako bat erabiliz. Epaimahaian, besteak beste, eskualdeko sukaldari onenetarikoak izango dira: Imanol Zubelzu, Felix Belaunzaran, Josema Azpeitia eta Juan Manuel Garmendia (Kofradia Gastronomikoen Federazioko Lehendakaria).

Gazitik gozora

Larunbatean, bi lehiaketa izango dira. Goizean, 11:00etan hasita, Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko II. Parrila Lehiaketa egingo dute. Carnicas Goyako txuletak erabili ahal izango dituzte partaideek, eta eguerdian egingo dute sari banaketa. Juan Manuel Garmendiak, Jose Mari Estebanek, Pedro Ruizek eta Matias Gorrotxategik osatuko dute epaimahaia.

Arratsaldean, 18:30ean hasita, III. Postre Lehiaketa izango da. 19:00etan banatuko dituzte lehiaketako sariak: lehen sailkatuak, txapela eta Gorrotxategi gozotegirako 40 euroko erosketa txartela eskuratuko ditu; bigarrenak, garaikurra eta Saizar gozotegirako 40 euroko erosketa txartela; hirugarrenak, Eceiza Gozotegirako 40 euroko erosketa txartela; eta laugarrenak, Gozona-Ibañez gozotegirako 40 euroko txartela. Kasu honetan, Rafa Gorrotxategi, Raquel Ibañez, Nieves Soroa, Javier Eceiza eta Juan Migel Sorarrain izango dira epaimahaiko kideak.

Tolosan erroldatuta dagoen edonork parte hartu dezake tortilla eta postre lehiaketetan, eta izena emateko hiru aukera ditu: berazubielkartea@gmail.com helbidera mezua bidaliz, 688 740 163 telefono zenbakira deituz edo Berazubi Auzo Elkartearen egoitzara (Elkano kalea 15, behea) bertaratuz.

Apirileko Feria eta guzti

Igandea izango da III. Gastronomika Jardunaldien azken eguna. 11:00etan, Tolosa eta Ibarrako elkarte gastronomikoen arteko III. Bakailao Lehiaketari emango diote hasiera. 13:00etan izango da sari banaketa, eta segidan, lunch-a izango da, bazkarian izena ematen dutenentzat. «Sevillan egin ohi den Apirileko Feria ekarri nahi dugu gogora, eta horretarako, auzo elkarteko dantza ikastaroko ikasleek saioa eskainiko dute», azaldu dute.

Ekimenari amaiera emateko, III. Gastronomika Jardunaldien Amaiera Bazkaria egingo dute. Tiketak auzo elkartean erosi daitezke. Puntako sukaldariek egindako jakiak dastatzeko aukera izango da: Joseba Dravasa, Felix Garrido, Iñigo Peña, Javi Rivero, Gorka Rico, Jose Ignacio Ferreras, Mikel Moreno eta Rafa Gorrotxategi.

Arestian aipatu moduan, ostalariak omenduko dituzte aurtengo jardunaldietan. Hori, baina ez da egingo duten omenaldi bakarra izango. Azken egunean, lehiaketaren uneren batean, Luis Irizar eta Jose Juan Castillo omenduko dituzte antolatzaileek.

 

III. GASTRONOMIKA JARDUNALDIAK

Apirilak 27, asteazkena

19:30. Josema Azpeitia kazetari gastronomikoaren hitzaldia: 2020-2021 ostalaritza eta zaharberritzearen kalbarioa.

Apirilak 28, osteguna

19:00. Tolosako III. Patata Tortilla Lehiaketa.

20:00. Tortillen aurkezpena.

20:30. Sari banaketa.

Apirilak 29, ostirala

19:00. Tolosaldeko Tabernen Arteko II. Pintxo Lehiaketa.

19:30. Pintxoen aurkezpena.

20:30. Sari banaketa.

Apirilak 30, larunbata

11:00. Tolosa eta Ibarrako elkarte gastronomikoen arteko II. Parrila Lehiaketa.

13:30. Sari banaketa.

18:30. III. Postre Lehiaketa.

19:00. Sari banaketa

Ondoren. Pintxo potea.

Maiatzak 1, igandea

11:00. Tolosa eta Ibarrako elkarte gastronomikoen arteko III. Bakailao Lehiaketa.

11:30. Luis Irizar eta Jose Juan Castillori omenaldia.

13:00. Lehiaketaren sari banaketa.

13:30. Lunch-a Apirileko Feria estilora.

14:30. III. Gastronomikaren amaiera bazkaria. Menua: Iberiar urdaiazpiko festa (Joseba Dravasa), salmorejoa (Felix Garrido), buztan raviolia, foie eta garaiko perretxikoak (Iñigo Peña), legatza eta belarri salda (Javi Rivero eta Gorka Rico), txerri masailak parmentier iberikoarekin (Javier Ferreras eta Mikel Moreno), postrea (Rafa Gorrotxategi) eta kafea (Zabala kafeak). Tiketak salgai Berazubi auzo elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!