Gaztetxoentzat mendi irteerak maiatzerako

Ataria 2022ko api. 20a, 18:18

Zumardia elkarteak gaztetxoei zuzendutako bi mendi irteera eskainiko ditu, «mendiaz ikasteko eta mendiaz gozatzeko».

Natura, hezkuntza eta kirola uztartuz jarduerak antolatzen jarraitzen du Zumardia elkarteak. Bada, maiatzerako gaztetxoei zuzendutako bi mendi irteera eskainiko ditu, «mendiaz ikasteko eta mendiaz gozatzeko».

Egun osoko mendi irteerak izango direla iragarri dute. Tolosatik abiatuta inguruetako mendi, baso eta txokoak ezagutzeko aukera izango da, eta 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoek parte hartu ahalko dute.

Maiatzak 8an eta maiatzaren  29an izango dira irteerak. Goizean, 10:00etan elkartuko dira, eta itzulera arratsalderako, 17:00ak alderako izango dela azaldu dute.

Zumardia elkartetik esan dutenez, mendizaletasuna haur eta gazteenen artean zabaltzea lortu nahi dute horrelako ekimenekin. Horrekin batera, gazteek jarduera fisikoaz eta ingurumenaz gozatzea nahi dute; segurtasuna, ingurumena eta orientazioa bezalako edukiak ezagutarazi nahi dituzte; eta, mendizaletasunari lotuta dauden laguntasuna eta errespetua bezalako balio sozialak ere landu nahi dituzte.

Taldea osatzeko gutxienez sei pertsona beharko direla eta gehienez 12ko taldea osatuko dutela esan dute. Ibon Artola mendi kirol teknikaria eta mendi gidaria izango da gazteen irakaslea. Bazkideek 36 euro eta gainerakoek 40 euro ordaindu beharko dute parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!