LH6koek ere Gazte Topaguneaz gozatu ahalko dute

Ataria 2022ko api. 20a, 17:48

Tolosako Gazte Topagunea 12 urtetik 17 urtera bitarteko gazteei eskainitako zerbitzua izan da orain arte, baina, aurrerantzean LH6.mailako gazteentzat ere izango dela adierazi du Tolosako Udalak. 

Nerabeei ostegunetik igandera eskaintzen zaien udal zerbitzua da Topagunea, udalerriko eta inguruko nerabeen artean oso erabilia. Udaletik diotenez, gunearen helburua da nerabeek euren denbora librea modu hezitzailean gauzatzea eta, bertan lan egiten duten hezitzaileen xedea da nerabeen heziketa fase desberdinetan bidelagun izatea.

Orain arte, 12 eta 17 urteko nerabeei zuzendutako zerbitzua izan da Gazte Topagunea. Dena den, Tolosako Udala garatzen ari den Haur, Nerabe eta Gazteen diagnostikoaren baitan, zerbitzua LH6ko nerabeei zabaltzeko hainbat eskaera jaso ditu, eta horiei erantzuteko hartu du erabakia. Ondorioz, Aste Santuaren ondotik, LH6. mailako nerabeak ere joan ahal izango dira Topagunera, eta bertako jardueretan parte hartu ahal izango dute. 

Topaguneak Tolosako nerabeen aisialdian duen garrantzia aztertuta, udalak zerbitzua ere egokituko du 10-11 urteko nerabeentzako ere egokia izan dadin. Haur, Nerabe eta Gazteen diagnostikoa eta plana aurrerago aurkeztuko ditu osotasunean.

Erantzun ona
Udaletik nabarmendu dutenez, azken urtean 2.361 nerabe gerturatu dira Gazte Topagunera. Nerabeei eskainitako zerbitzuaren jarraipen estua egin du udalak, eta zerbitzua oso erabilia dela ondorioztatu du. Itxialdiaren aurretik, 2019-2020. urtean, irailetik martxora bitarte egunean batez beste 49 nerabe gerturatu ziren Topagunera. Itxialdian zehar, aldiz, egunean 64 nerabe inguru konektatzen ziren antolatutako online saioetara. 2020-2021ean erabiltzaile kopurua 3.719koa izan zen, egunean batez beste 22 nerabe gerturatu zirelarik bertara. Kontuan izan behar da pandemia garaian izanik, aforoa mugatua zela urte osoan zehar Topagunean. Gainera, Tolosa inguruan bizi ziren nerabe askok ezin zuten Tolosara etorri eremu gorrian zegoelako.

2021-2022an ohiko jarduerak berreskuratzen joan da Topagunea, eta guztira 2.361 nerabe gerturatu dira, batez beste 23 nerabe egunean. Dena den, ikasturtea pandemia garaian eta aforo neurriekin hasi zen, eta horrek ere eragina izan du jardueretan.

Aste Santuko egitaraua
Topaguneak, beste urte batez, egitarau berezia antolatu du jai egunetara. Hala, gaur zaldian ibiltzera joango dira, etzi Donostiara egun pasa, larunbatean mendi irteera egingo dute, eta igandean masterchef lehiaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!