Zirkura gerturatzeko moduak

Ataria 2022ko api. 21a, 07:58

Gure Zirkuko kideak zirkuko ikastaroak eskaintzen ari dira, Tolosako San Esteban auzoan; maiatzaren 6an, bosgarren birari ekingo diote, Durangon. 

Zirku diziplinak ikasi eta zirkuaz gozatzeko tailerrak jasotzen ari dira Aste Santuan eskualdeko gaztetxoak, Gure Zirkuaren eskutik. San Esteban auzoan kokatuta dituzten karpetan ari dira saioak egiten, goizez zein arratsaldez, ordu eta erdiz. 

"Zirkuaz gozatzeko gogo biziz iritsi zaizkigu neska-mutilak", esan dute irakasleek. Gure Zirkuaren ikuskizunean parte hartzen duten akrobatak ari dira saioak gidatzen, eta 2006 eta 2015 urte bitartean jaiotakoak dira tailerraz gozatzen ari direnak. Saioko lehen minutuetan, luzaketa ariketak egiten dituzte, ondoren diziplina ezberdinetan aritzeko. Besteak beste, trapezioa, oreka, oihalak, malabarrak eta akrobaziak bezalako diziplinak lantzen dituzte. Guztiak probatu eta bakoitzean gehiago sakontzeko, saioan zehar, txandaka aritzen dira batean zein bestean, beti irakasle baten laguntzaz. 

Jai egunak amaitzen ari zaizkie ordea, eta ikastaroko azken egunetara ere iritsiak dira. Aurreko astean, lau egunez aritu ziren hainbat talde, eta aste honetan, asteartetik hasita beste hainbat talde ari dira ikastaroa egiten. Azken eguna bihar izango dute. Guztira, saio guztietan 100 ikasle inguru pasa direla kontatu dute.   

Bira berria
Urtarrilaren 9an amaitu zuen Gure Zirkuak bere laugarren bira, «orain arteko luzeena». Bederatzi hilabetetan, zortzi herritan izan dira, eta denera 176 emanaldi eskaini dituzte. Orain, deskantsurako tarte bat hartu ostean, bira berria prestatzen ari dira eta maiatzaren 6an ekingo diote itzuliari, lehen aldiz Bizkaian, Durangon zehazki. 

Hasiera batean, hamar saio egitea aurreikusi zuten, baina sarrera guztiak agortu zirenez beste lau emanaldi egingo dituzte maiatzaren 20, 21 eta 22an. Akrobatek aitortu dute gogoz daudela birarekin hasteko, orain arte prestatzen aritu direna plazaratzeko. "Bira berriko emanaldietan gauza berriekin gatoz, sorpresak egongo dira", aurreratu dute.     

Datozen hilabeteetan, beraz, Euskal Herria osoa zeharkatuko du Gure Zirkuak, eta orain arte zapaldu ez dituzten eskualdetan izango dira. Datak zehazten doazen heinean sarrerak salgai jarriko dituzte beraien webgunean.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!