Bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan da Nescup txapelketa. Larunbat honetan izango da, Berazubiko futbol zelaian. Infantil mailako neskei zuzendutako txapelketa da, Futbol 8 modalitatean jokatzen dena eta Euskal Herriko 12 taldek hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Lauko hiru multzotan banatu dituzte 12 taldeak. A multzoan, Tolosa CF 'A', Mulier FCN, Zarautz eta Basauriko Kimuak taldeak izango dira. B multzoan, Tolosa CF 'B', Athletic club de bilbao, Goierri Gorri eta CD Aurrera de Vitoria. Azkenik, C multzoan, Real Sociedad, Intxaurdi KE, Oiartzun eta Pauldarrak ariko dira, aurrez aurre.
09:00etan hasiko dira partidak. Multzo bakoitzeko taldeek, elkarren aurka jokatuko dute, 20 minutuko zati bakarrean, eta azken partida 13:00ean jokatuko da. Partida bakoitzaren amaieran hiru penaltiko txanda jaurtiko da. Eguerdian, guztiek batera bazkalduko dute Tolosa CF-ren eskutik. Ordu horretan, alebinen lagunarteko partidak jokatuko dituzte.
Behin lagunarteko partidak amaituta, 15:30ak aldera, txapeldunen faseari ekingo zaio. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak eta hirugarren geratu diren bi hoberenak igaroko dira bigarren fase horretara. Arratsaldeko partida horiek 15 minutuko bi denboratan jokatuko dituzte. Finala 18:00etan izango da eta jarraian sari banaketari ekingo zaio. "Nescupeko kamisetak banatuko dizkiegu parte hartzaile guztiei, eta lehen hiru taldeek sariak jasoko dituzte", azaldu du Henar Martinez antolatzaileak.
Emakumezkoen futbola sustatzeko helburuarekin antolatu dute, beste behin, emakumeei zuzendutako txapelketa. "Gaztetxoek ondo pasa dezaten nahi dugu, eta normalean elkarren aurka jokatzen ez duten taldeak izanik, elkar ezagutu eta eguna festan pasatzea", esan du Martinezek.