Emaitza bikainak lortu berri dituzte eskualdeko judokek

Ataria 2022ko api. 19a, 19:58

Judo Klub Tolosa taldeko infantil mailako sei judokak eta kadete mailako lauk, domina bana lortu dute Gasteizen jokatu den Euskadiko Kirol Jokoak Txapelketan.

Amaitu da denboraldia Judo Klub Tolosa taldeko judoka gaztetxoentzat. Infantilek, Gipuzkoa mailako hiru lehiaketekin hasi zuten denboraldia; horietan, puntuak pilatuz joan dira judokak. Behin liga amaituta, zazpik lortu zuten podiumera igotzea: Inge Regillagak, urrezko domina eskuratu zuen; Jon Urkizarrek eta Mara Olanok, zilarrezkoa; eta Aritz Urkiolak, Unai Arcelusek, Iker Coloradok eta Enara Leundak, brontzezkoa.

Zazpi judoka horiek, Gasteizen jokatu diren Euskadiko Kirol Jokoak Txapelketan lehiatu dira Gipuzkoako selekzioarekin. Regillagak, Olanok eta Urkizarrek zilarrezko domina bana lortu zuten, eta Urkiolak, Arcelusek eta Coloradok, brontzezko bana; Leunda bosgarren izan zen.

Horiez gain, Paul Gibelaldek, Alex Etxartek, Alex Herrerasek, Galder Labayenek, Amin Lhitik, Xuban Urkizarrek, Aitzol Etxeberriak, Iker Huertosek, Aimar Otañok, Hur Lakarrak, Beñat Callejak, Telmo Mendizabalek, Mikel Garciak, Markel Insaustik eta Pau Lopezek lehiatu dute aurtengo denboraldian. «Emaitzak alde batera utzita, lan oso ona egin dute denek, beraien konfiantza eta lehiakortasuna hobetu baitute lehiaketak jokatu ahala», adierazi dute klubetik.

Kadeteek, bestetik, Gipuzkoako Judo Federazioak antolatutako zenbait entrenamendutan hartu dute parte, eta Gipuzkoako Txapelketan parte hartzearekin batera, Euskadiko Txapelketarako hautatutako judoken zerrendan izan dira batzuk. Gipuzkoako Txapelketan, Ioar Olanok eta Nahia Fernandezek urrezko domina bana eskuratu dute; Jon Mateok eta Haritz Leundak, berriz, brontzezko bana. Laurek, Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu zuten. Bertan, Fernandezek eta Olanok zilarrezko domina bana eskuratu zuten; Mateok eta Leundak, berriz, brontzezko bana.

Aipatutako lau judoka horiez gain, beste zenbaitek ere lehiatu dute denboraldi honetan, kadeteen mailan, Tolosako kluba ordezkatuz: Estitxu Labaka, Ainhoa Paradera, Nestor Gibelalde, Ekain Aranzabal eta Inhar Leunda. «Gure zorionik handiena denboraldi honetan parte hartu duten judoka guztiei», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!