Tolosaldea, askoren oporraldiko planen artean

Leyre Carrasco 2022ko api. 17a, 13:01

Oporraldi garaian errutinatik aldentzea izaten da bidaiari gehienen nahia, txoko eta ohitura berriak ezagutzeko asmoarekin. Tolosaldea askoren helmuga turistikoa bilakatu da, eta hainbat izan dira Aste Santu hauetan eskualdeaz gozatzera etorri direnak.

Tolosan zehar egiteko bisita gidatuak antolatu ohi izaten dituzte, baina beste askok mapa eskuetan dutela herria haien kabuz ezagutzera animatzen dira, baita eskualdea ere. Carmen Ruedak, Rosa Garciak, Juan Carlos Yopak eta Manuel Gormedinok Bartzelona alde batera utzi eta Euskal Herriaz gozatzera etorri dira Aste Santu hauetan. Oporraldi zerrendan gehitu zuten Tolosa, eta hau ezagutzeko aukera izan dute goizean. "Gogo handiarekin etorri gara, lehen aldia baita hemen izaten garela, eta oso polita iruditzen zaigu", esan du laukoteak.

Tolosako leku sakratuak ikusi eta Alde Zaharretik paseatzeko aukera izan du laukoteak. "Lasaitasunaren bila etorri gara, eta Tolosan hori aurkitu dugu", aipatu dute. Gainera, Euskal Herria plazan parada txiki bat egiteko aukera ere izan dute, trago eta mokadutxo batez gozatu bitartean. "Hemengo gastronomia probatzeko gogo handia genuen, eta dudarik gabe, hemengoaz disfrutatzen ari gara", gehitu dute.

Donostian ostatu hartu badute ere, azken egunera arte inguruko txokoak miatzen jarraitzeko asmoarekin daudela kontatu dute, gainera: "Orain hemen inguruko beste herri batean egingo dugu parada, eta eguerdian kosta aldera joango gara bazkaltzera. Atzo Zarautz, Getaria eta Zumaian izan ginen, eta gaur Hondarribia eta Pasaia aldean izango gara. Presarik gabe, oporretan gaude eta".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!