Bigarren bizitza emanez

Leyre Carrasco 2022ko api. 16a, 18:31

Tolosan birziklatzearen eta berrerabilpenaren kultura sustatzea da azokaren helburua, eta duela sei urtez geroztik hilabetero egiten dute, hileko hirugarren larunbatean, 16:30etik 19:30era.

Eskualdean bigarren eskuko azokarik ez zegoela ohartu, eta duela zortzi urte Tolosako Udalari bota zien proposamena antolatzaileek. Azokako baimena lortu bezain laster jarri ziren lanean azokarekin. Duela sei urtez geroztik hilabeteko hirugarren larunbatean hogei postu inguru elkartzen dira Tolosako Berdura plazan, 16:30etatik 19:30etara. Hogei postu inguru elkartzen dira helburu berdin batekin: "Etxean daukagun materiala birziklatu, produktu horiei berrerabilpena emanez".

Liburuak, musika diskoak, jostailuak, artea, vintage opariak, apaingarriak edota arropa aurki daitezke postuetan, eta birziklatutako produktuekin sortutako artisau produktuak ere lekua dute bertan; hala nola, xaboiak, poltsak, olioak eta kremak, besteak beste. Anaiur emakumeen elkartearen izenean antolatzen dute azoka, eta produktuei bigarren bizitza bat emateaz gain, azokaz azoka lanean ibiltzen diren familien egoera ekonomiko prekarioari laguntza txiki bat emateko modua ere badela azaldu dute antolatzaileek, gainera.

Eskualdean zabaltzeko helburu

Tolosarrek azoka gogo handiz hartzen dutela azpimarratu dute: "Giro aparta izaten dugu eta horri esker, harreman ugari sortzen dira". Hilabetero hilabetero azokara gerturatzeko ohitura duten bezero "fidelak" ere dituztela gehitu dute gainera, "gure filosofia bera mantentzen duten bezeroak dira horiek". Bezeroen eskaera jarraituz, azoka maizago egitea da antolatzaileen asmoa, baita inguruko beste herri batera zabaltzea ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!