Liburuaren hilabetea ospatzen ari dira liburutegian

Ataria 2022ko api. 13a, 11:57

Liburuaren hilabetea ospatzen ari dira Tolosako Udal Liburutegian, eta maiatzaren 27ra bitarte luzatuko da egitaraua; askotariko saioak antolatu dituzte, adin guztietako irakurleentzat.

Apirilaren 2an Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Eguna ospatu zen; apirilaren 23an, berriz, Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta, liburuaren hilabetea ospatzen ari dira Tolosako Udal Liburutegian, eta maiatzaren 27ra bitarte luzatuko da egitaraua. Askotariko saioak antolatu dituzte, adin guztietako irakurleentzat.

Maiatzaren 20ra arte komikiak irakurtzeagatik, sariak irabazteko aukera izango dute haur, gazte zein helduek. Horretarako, liburutegiko arduradunek gomendatutako komiki bat mailegatu, irakurri eta hari buruzko iruzkin edo marrazki bat egin beharko dute. Gero, liburutegian dauden kutxetan sartu beharko dituzte, maiatzaren 23an egingo duten zozketan parte hartu ahal izateko.

Bestetik, oporretatik itzulitakoan, Arnold Lobel, Max Velthuijs eta Raquel Diaz Reguera ilustratzaileen lanak landuko dituzte ikastetxeetan. Ikasleek egindako marrazkiak Udala.tolosa.eus/liburutegia web-orrian egongo dira ikusgai, maiatzaren 16tik aurrera.

Aurrez aurreko saioak

Aipatutako ekintzez gain, solasaldiak izango dira, Errotako ekintza-gelan. Apirilaren 28an izango da lehena, 18:00etan. Jabetze Eskolako Euskal Emakume Idazleen Irakurketa Feminista Taldearen baitan, Ene baitan bizi da eleberriaren inguruko solasaldia izango da, Maddi Ane Txoperena idazlearekin. Tolosakoudala.org/berdintasuna web-orrian eman daiteke izena.

Bigarrena, maiatzaren 17an izango da, ordu berean. Tolosako Udal Liburutegiak antolatzen duen Komikien Irakurketa Klubaren baitan, Voces de Chimalpopoca komikiaren inguruko solasaldia izango da, Shu Otero egilearekin. Liburutegia@tolosa.eus helbidera idatziz edo 943 69 74 62 telefono zenbakira deituz eman daiteke izena.

Azkenik, hilaren 29an eta maiatzaren 27an, Ipuin Txokoa izeneko ekimenaren saioak izango dira Miriam Mendoza ipuin-kontalariarekin. Udal Liburutegiaren web-orrian dago saioei buruzko informazio osagarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!