Dantzak atertu du

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko apirilaren 9a

Goizean eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, haur eta gazteek, ilusioz ekin diote Udaberri dantza taldearen XV. Dantzari Txiki Egunari. Tolosara gerturatu diren 200 haurrek, lehen orduetan behintzat, aterpea bilatu behar izan dute dantzarako. Festari aurre egiteko modua topatu dute antolatzaileek.

Plaza Zaharrean elkartu eta gero, Tolosako kaleak euskal doinu, dantza eta tradizioz jantzi dituzte haur eta irakasleek. Euskara ere ez da falta izan, adi zegoenaren belarrietara euskalki ezberdinak ere iritsi dira. Izan ere, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gerturatu dira gaurkoan Udaberri dantza taldearen gonbitari erantzunez. Hendaiako (Lapurdi) Akelarre, Iruñeko (Nafarroa) Muthiko Alaiak, Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza eta Algortako (Bizkaia) Itxaurtu taldeko haurrek Tolosa izan dute dantzarako plaza.

Arratsalderako hitzordua

Oraindik orain, eguna luzea da eta dantzarako aukera izango dute Udaberri dantza taldeko dantzariek zein gonbidatuek. Izan ere, 16:00etan hasita, plaza dantzen emanaldia izango da, Plaza Berrian. 

Eta jarraian egunaren bigarren zatiari hasiera emango diote, helduagoentzako hitzordua izango denarekin: Erromeria. Fanfarreak alaituta, poteo musikatuari ekingo diote 19:00etan. Eta festak ez du etenik izango: herri afaria, Zerkausian; erromeria Laket taldearekin eta Larrain dantza, gauerdian, izango dira.

Urtero bezala, Udaberri dantza taldeak, Erromeriara baserritarrez jantzita joateko deia luzatu die parte hartzaileei.

Erlazionatuak

Dantzari Txiki Eguna

Ataria 2022 api 09 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!